Zapatuan, III. Frontenis Txapelketa Mistoa jokatuko dute. Oraingoz, 11 bikotek eman du izena. Salamancako, Burgosko, Errioxako, Aretxabaletako, Arrasateko, Goierriko, Gueñesko eta Soraluze bertako bikoteak dira.
Edozelan ere, oraindik izena emateko aukera dago, eguenean egingo baitute bikoteen zozketa. Izena eman daiteke honako bi bideetako bat baliatuta: 943 75 24 66 edo kirola@soraluze.eus. 16 urtetik gorako edozein kirolzalek parte har dezake. 12 euro ordaindu behar da bikoteko.
Txapelketari dagokionez, 09:00etan hasi eta partida guztiak jarraian jokatuko dituzte, txapelketa bukatu arte. Sari banaketa ere egunean bertan egingo dute. Txapela eta garaikurrak emango dizkiete lehen bi bikoteei.
Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketa
Domekako txapelketari dagokionez, berriz, Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketa jokatuko dute. Kasu honetan, 12 bikote izango dira lehian eta itxita dago izen-ematea, domeka izanda, txapelketa lehenago bukatu dadin.
Lehian izango dira Arrasateko, Eskoriatzako eta txapelketa mistorako apuntatu diren bikoteak, baita herriko beste hainbat bikote ere.
Eskualdekoen ligaxka
Nesken frontenis txapelketaren kasuan, bi talde egingo dituzte: eskualdekoak eta kanpokoak. Eskualdekoen arteko maila antzerakoa denez, euren arteko ligaxka jokatuko dute lehenengo eta han irabazten dutenek jokatuko dute gero kanpotarren kontra.
Partidak 09:00etan hasiko dira eta jarraian jokatuko dituzte; ondoren sari banaketa egingo dute. Sariak honakoak izango dira: txapela gehi garaikurra lehen biendako eta opari bana eskualdeko lehenengoarendako eta bigarrenarendako.