Zapatuan, erremontada ikusgarria egin zuen Sorako gorengo mailako taldeak Ezoziko futbol zelaian. Lehen zatia gol barik bukatu zen eta zestoarrek gehiago sakatu arren Sorako arean, Sorak izan zituen gol aukerarik garbienak. Hala ere, markagailua zeroan zela joan ziren atsedenera futbolariak.
0-3 galtzen eta Sora 10 jokalarirekin
Bigarren zatian etorri zen ezustekoa. Hasi eta 3. minutuan egin zuten lehen gola zestoarrek. Sei minutura etorri zen, berriz, bigarrena eta 15. minuturako 0-3 zihoan irabazten Zestoa. Hori gutxi ez, eta minutu gutxira, arbitroak bigarren txartel horia atera zion Sorako Angel jokalariari eta ondorioz, hamar jokalarirekin geratu zen Sora.
Egoera horren aurrean, Sorako entrenatzaileak bi aldaketa egin zituen segidan. Sorako mutilak haserre zebiltzan, markagailua zein partida beltz ikusita. Baina jokalariek ez zuten amore eman inondik inora. Ekin eta ekin, erasoan zentratu eta Leturen eskutik etorri zen etxekoen lehen gola, 1-3. Esperantzak indarra hartu zuen.
Penaltia geratu
Baina… bigarren zatiko 40. minutuan Soraren kontrako penaltia seinalatu zuen arbitroak. Harmailetan etsipen erabatekoa. Hala ere… Jokin atezainak geratu egin zuen penaltia! Eta erabat piztu ziren Sorako mutilak.
Partida irabazteko kapaz zirela sinistuta, adoretsu jokatu zuten, indartsu, aurrera, beti aurrera. Eta horrela, etxekoen bigarren gola etorri zen, Jon Ander ermuarraren eskutik. Eta segidan bigarrena, 30 segundora, hura ere Jon Anderren Txonanen eskutik.
Dagoeneko partida berdinduta zegoen, 3-3, zestoarren hutsengatik baino, Sorako jokalariek erakutsitako garrari esker. Ordurako, harmailetako ikusleak ere erabat zoratuta zebiltzan.
Zelai erditik gola
Dagoeneko 90. minutua pasatuta zegoen, baina esaerak dioen moduan, jokoa ez da bukatzen partida amaitu arte. Eta zapatuan, horrelaxe gertatu zen. 90. minututik 7 pasatuta zeudenean, zestoarren atezaina areatik kanpo zegoela aprobetxatuta, futbol zelaiaren erdigune ingurutik baloia jaurti, atezaina ezustean harrapatu eta Soraren 4. gola sartu zuen Elgoibarko Urtzik.
Orduan bai etorri zen erabateko zoramena ikusleen zein jokalarien aldetik. Eta orduan bai, arbitroak amaiera seinalatu eta bukatu zen norgehiagoka, etxekoen artean zapore ezin hobea lagata.
Bosgarren
Zapatuko hiru puntuei esker, sailkapen orokorrean bosgarren lekuan kokatu da Sora. Hurrengo norgehiagoka sailkapenean laugarren doan Ilintxaren kontra jokatuko du, haien etxean, Legazpian.