Eratze batzarreko hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua dela eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu dute. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu ugarien artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria.
Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, topagune berriaren ordezkariek azpimarratu dute euskarazko aisialdia garatzen duten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela. Era berean, nabarmendu dute lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela.
Hamalau elkarte
Hamalau dira Kukulaisi federazioan parte hartuko duten elkarteak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Soraluzeko Pil Pilean Euskaltzaleen Elkartea eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea. Horiez gain, Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute federazioaren eraketan.
Jatorrizko albistea bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen.