Errepresio frankista jasan zutenei omenaldia, domekan, Arrasaten

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 23a, 12:26
Gizon bat errepresaliatuen monolitoei begira, 2019an Arrasaten egindako omenaldian. Argazkia: Goiena.

Domekan, errepresio frankista jasan zuten herritarrei omenaldia egingo diete Arrasaten. Tartean, eskualde hartan bizi diren soraluzetarrak ere izango dira eta baita Soraluzen bizi diren debagoiendarrak ere. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da.

Domekan, Arrasateko Jose Maria Arizmendiarrieta plazan egingo dute frankisten “errepresaliatu guztiei” omenaldia, errepresio frankista jasan zuten biktimen monolitoen aurrean. 

Intxorta 1937 Kultura Elkarteak antolatu du ekitaldia. Elkarteko kide Juan Ramon Garaik esplikatu duenez, besteak beste, omenaldian berba egingo dute errepresio frankista zuzenean edo familian jasan zuten 9 debagoiendarrek. 

Omenduekin batera, ekitaldian izango dira, baita ere, erakundeetako ordezkariak. Adibidez, Jon Gambra Giza Eskubideen Gipuzkoako Diputazioko zuzendaria, Gogora institutuko ordezkaritza eta Debagoieneko eta Aramaioko alkateak. 

12:00etan hasiko da omenaldia eta bertsolariak izango dira, Agurra eta Ikurrin dantza egingo dituzte eta ondoren Txoria txori kantatzen den bitartean, lore eskaintza. Borobiltzeko, beste hiru abesti ere kantatuko dituzte: Euskalerriko, Jeiki, jeiki eta Agur Jaunak

Irailaren 26an, domekan egingo dute omenaldia 1936ko irailaren 26an iritsi baitziren tropa faxistak Debagoienera. 

Hizlariak

Goiena Komunikazio Taldeak emandako xehetasunen arabera, Antzuolatik, Ixa Aranguren Lizarraldek hitz egingo du, Esteba Aranguren Mugika gudari, preso eta iheslariaren alabak. Aretxabaletatik, berriz, Olga Etxebarrieta Oteiza gerrako umeak hartuko du parte; bere aita, Jose Maria Etxebarrieta Urbistondo, milizianoa izan zen eta faxistek erail zuten. Aramaioren ordezkoa Jose Maria Velez de Mendizabal Azkarraga, izango da; bere osaba, Jose Maria Azkarraga Mozo, fusilatua izan zen Derioko hilerrian. Arrasatetik, Mari Nati eta Isabel Urionabarrenetxea Zaitegik hartuko dute parte; haien aita, Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi, eraila izan zen Oiartzunen. Bergaratik, Luzia Farras Laskurainek hitz egingo du; gerrako umea izan zen, haren aita, Ramon Farraz Eskibel, Gerra Komisarioa –eta preso egondakoa– hil baitzuten. Elgetaren ordezko, Anttoni Telleria Lamarain arituko da; bere ama Francisca Lamarain Aranzabal eta aita Pedro Telleria Askasibar faxistek erail zituzten herrian bertan. Eskoriatzatik Arantza Sasian Etxabek jardungo du, bere amandre Emeteri Aranburuzabala Beitia, faxistek erail baitzuten Oiartzunen. Bukatzeko, Oñatiren izenean, Manttoni Galdos Urbeloak hitz egingo du, aita Antonio Galdos Ugarte faxistek fusilatu baitzuten Ormaiztegin.