Gipuzkoako txapelketako lehenak etxekoendako

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 21a, 09:33
Eskuz binakako nagusien partidako une bat.

Estreinaldi bikaina izan zuten Soraluze Pilota Elkarteko pilotariek aurtengo Gipuzkoako txapelketan. Barikuan, hiru partida jokatu zituzten Aranen eta hirurak irabazi, kadeteek, nagusiek zein paletakoek. Donostian, paleta goman jokatu zuten partida, berriz, galdu egin zuten.

Kadeteek jokatu zuten lehenengo partida, Ibon Ibarra eibartarrak eta Mikel Caramanzana debarrak osatutako bikoteak Andoaingoaren kontra. 22-16 irabazi zuten. 

“Kostata” irabazi zuten. 16-15 joan ziren atzetik Soraluzeko taldekoak, baina kanpotarren pilota aprobetxatu zuten; nahiz eta bizkorra izan pentsatu zuten komeni zitzaiela eta asmatu egin zuten, Atxotegi entrenatzaileak esandakoaren arabera. Azkenean 22-16 irabazi zuten partida.

Partida ederra eta ikusgarria

Eskuz binakako nagusien partida etorri zen ondoren. 22-17 irabazi zuten etxekoek, Muruak eta Bolinagak, Andoaingo Urbieta anaien kontra. Partidu benetan ikusgarria jokatu zuten lau pilotariek. Gogorra, intentsua, indartsua, jokaldi ederrekin. Txalo ugari eskaini zizkieten ikusleek.

Markagailuan 11-2ko aldearekin hasi ziren, soraluzetarren alde. Baina andoaindarrek eusten jakin zuten eta apurka-apurka tantoak egiten joan ziren, 14-10era ere iritsi arte. Hortik aurrera, markagailua parekatuago joan zen. Azkenean, baina, soraluzetarrek lortu zuten berenarekin segitzea eta 22-17 gailendu zitzaien andoaindarrei.

Paletan, bat galdu, bat irabazi

Gomazko paletako partidei dagokienez, berriz, bi jokatu zituzten. Etxean, Arane kiroldegian, justu-justuan eta 20-24 galtzen joan eta gero, 25-24 irabazi zuten soraluzetarrek, Santamaria-Fernandez bikoteak Andoaingo Loidi-Eskudero bikotearen kontra. Kanpoan, berriz, Gallastegik eta Rasconek Donostiako bikotea izan zuten aurrez aurre eta 25-11 galdu zuten.