Oroimen ekitaldi hunkigarria

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 12a, 13:04

Atzo, zapatua, bete egin zen Plaza Berria, Asier Herizen eta Iñaki Saezen aldeko oroimen ekitaldian. Bi gazteen senideak eta lagunak bertan zirela, hitzez, kantuz eta dantzaz oroitu zuten euren memoria eta sakabanaketaren gupidagabekeria eta injustizia salatu zituzten. Istripu zorigaiztoko hartatik 20 urte pasatu diren arren, bi gazteen heriotzak eragindako zauriak zabalik segitzen duela nabarmen geratu zen eta haiendako eta haien senideendako aitortza eta erreparazioa aldarrikatu zituzten.

Iñaki Saezek berak euskararen alde sortu eta abestu zuen kantu batekin hasi zen atzoko ekitaldia. Ondoren, Iraultz Arluziagak eta Larraitz Lakuestak 2001eko irailaren 8ko egun hura ekarri zuten gogora. Zelan jakin zuten Asier Herizek, Iñaki Saezek eta Irantzu Benitok istripua izan zutela Avilara bidean, han preso zegoen Lourdes Txurruka bisitatzera zihoazela, eta, lehen biak hil egin zirela. 

Halaber, gogora ekarri zuten, ez direla preso bati bisita egin nahian istripua jasan duten soraluzetar bakarrak, beste hiru lagunek ere susto galanta izan baitzuten preso zegoen Regina Maiztegi bisitatzera zihoazela, Jesus, Roberto eta Mikel Argaratek. 

Gero, Soraluzeko bost dantzarik eskainitako agurra eta lore eskaintza eta Eneko Beretxinagak kantatutako bertsoa etorri ziren. Ordurako ya, bertaratutakoen sentipen mingotsak agerikoak ziren. 

Malko artean

Baina, ekitaldiko unerik hunkigarriena ondoren etorri zen. Hildakoen senideak zutik jarri zituzten bi gazteen argazkien ondoan eta Lourdes Txurrukak eta Mikel Argaratek haien erretratu bana oparitu zieten, malko artean.

Horren ondoren, Etxerat elkarteko Patrizia Velezek hitza hartu eta aldarrikatu zuen, besteak beste, “salbuespenezko espetxe-politikak” eragindako heriotzak ere “beren lekua” izan behar dutela “memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko”. 

Ekitaldia borobiltzeko, Iñaki Saezen eta Asier Herizen bi lagunek haien izaerak eta nortasuna deskribatzen zuten idazki bana irakurri zuten eta bi gazteen lagun ere baziren Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak Su ta Garren bi kantu abestu zituzten. 

Erlazionatuak

Oroimen ekitaldia argazkitan

Ubane Madera Zangitu 2021 ira 12 Politika

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.