Kortabarriak eta Unanuek jantzi dute txapela

Egoitz Unamuno 2021ko ira. 11a, 20:01

Gaur eguerdian jokatu dute pilota txapelketako finala San Andresko frontoian eta 22 eta 21ko emaitzarekin gailendu zaizkie Ibai Kortabarria eta Iosu Unanue Ander Oñate eta Ibai Tajuelori. Partidu luzea izan da, lehiatua, eta ikustera batu diren ehunen bat herritarrek gogotik txalotu dute pilotarien ahalegina.

Finalaren aurretik 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua jokatu dute. Bertan, Gorka Ojeak eta Hodei Tajuelok 22 eta 20 irabazi diete Jokin Arrillaga eta Beñat Catalani, ordu eta erdi inguru iraun duen partidu luzearen ostean. 

Sari banaketaren aurretik, jakinarazi dute eguneko porra Pello Etxeberriak irabazi duela eta txapelketan zozkatu duten saskiaren zenbaki saritua, berriz, 2870 izan dela (arratsaldean agertu da zenbakiaren jabea: Mariaje Uzin). 

Bestalde, antolakuntzak eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzen lagundu duten eta bertan parte hartu duten herritarrei eta Asier eta Iñaki oroitzeko berba batzuek esan ostean, presoen urruntze politika ere hartu dute ahotan: "aurtengo urtean aurrerapauso esanguratsuak eman dira eta hori poztekoa izan arren oraindik asko dago egiteko euskal preso guztiak kaleratu arte".