Boxeo eskolak abian

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 9a, 10:10
Hainbat ume boxeoa praktikatzen, Ixa Rodriguez irakaslearekin, martitzenean.

Joan den astetik, abian dira umeendako boxeo eskolak. Ixa Rodriguez boxolari soraluzetarraren eskutik, astean birritan dago kirol jarduera hori praktikatzeko aukera: martitzenetan eta eguenetan. Umeen taldea osatuta dagoen arren, oraindik leku libreak badaudela azpimarratu du Rodriguezek. 

12 umez osatutako taldearekin hasi ditu boxeo eskolak Ixa Rodriguezek. 7 urtetik aurrerako umeak dira. Martitzenetan eta eguenetan, 17:30ean ematen ditu eskolak, ia ordubetez. Soraluzeko boxeolariak nabarmendu du kirol jarduera mota hori praktikatu nahi duen edozeini zuzendutako eskaintza dela, ez dela ezaugarri berezirik behar parte hartzeko. Adibidez, oraingo taldeko gehiengoa neskak dira, "ni neu ere, begiralea, neska naiz, beraz…" esan du Rodriguezek.

Boxeolaria iaz hasi zen umeei zuzendutako boxeo eskolak ematen eta harrezkero bertan parte hartzen ari diren umeak poz-pozik daude eskolekin. Kontatu dutenez, eskola horietatik "dena" dute gustuko.

Izena eman nahiez gero: 676 86 69 22.