“Hemengo atmosfera” irudikatuz landu ditu Juan Manuel Arruabarrenak Díalogos ïntimos erakusketan ikus daitezkeen paisaia imajinarioak, behe-lainoz jantzitakoak, abstrakziora eramaten dutenak. Lasaitasuna, malenkonia, erromantizismoa… transmititzen dutela iritzi zuten erakusketan izan zirenetako hainbatek.
Gabolatseko Oreka Art arte galeriaren areto nagusiko paretetan daude zintzilik estilo horretako margolanak, olioak gehienak. Galeriaren beste areto txikiago batean, berriz, erregistro guztiz desberdina duten Arruabarrenaren bestelako lan batzuk daude ikusgai, koloristagoak.
Eta horien guztien osagarri akrilikoak, paperean egindako testurak eta laminak ere eraman ditu Soraluzeko margolari ezagunak, batzuk paretetan zintzilik ipinita, beste batzuk kristalpean erakusgai eta beste hainbat ikusleen eskura.
"Sentsazioak, sentimenduak"
Artistak berak dio, oro har, bere lanekin “sentsazioak, sentimenduak” transmititu nahi dituela. “Beti diodan moduan, obra bat hasten dudanean ez dakit zelan bukatuko den, hau da, margolan bat hastean, ez dut aldez aurretik pentsatzen haren amaiera, nire sentimenduen arabera egiten dut lan”.
Barikuan zabaldu zuten Arruabarrenaren erakusketa Gabolatseko Oreka Art arte galerian, eta, zabaltzeaz bat, bisitari ugari bertaratu ziren. Juan Manuel Arruabarrena bera, Alberto Ramirez galeriaren ugazaba eta erakusketaren antolatzailea, Abel Olaizola Kultura zinegotzia, Vicente Iriondo eta Esteban Oroz artista eibartarrak eta beste, batzuk aipatzearren.
Bisita-orduak adosteko aukera
Irailaren 29ra arte izango da Diálogos Íntimos erakusketa bisitatzeko aukera, astelehenetik barikura, 19:00etatik 20:00etara edo bestela bisita-ordua adostuta (635 70 66 90- Ramirez edo 648 21 08 77-Arruabarrena).
Bestalde, Ramirezek aurreratu zuen, dena ondo bidean, urrian, Vicente Iriondo artista eibartarraren erakusketa ipiniko dutela Oreka Art galerian.