Iaz, martxoan, pandemiak eztanda egin berri, bertan behera laga zuten Frontenis txapelketa. Ondoren, azaroan egiteko asmoa iragarri zuten, baina hori jakinarazi eta hurrengo astean, bertan behera laga behar izan zuten berau, pandemiari aurre egiteko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileen ondorioz.
Bada, iaz jokatu asmo ziren bi txapelketak aurten jokatuko dituzte, urriaren 2an eta urriaren 3an, hurrenez hurren. Urriaren 2an, III. Frontenis Txapelketa mistoa jokatuko dute. Eta hurrengo egunean eta estreinako aldiz, Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketa.
Izena non eman
Bi kasuetan, txapelketan parte hartzeko izen-ematea zabalik da, irailaren 28ra arte. 12 euro ordaindu behar da bikoteko. Izena eman daiteke honako bi bideetako bat baliatuta: 943 75 24 66 edo kirola@soraluze.eus. 16 urtetik gorako edozein kirolzalek parte har dezake.
Emakumezkoek ligaxka ere bai
Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketari dagokionez, inguruko emakumezkoak erakartzeko helburuarekin, bi ligaxka egingo dituzte, bata inguruko emakumeen artekoa eta bestea kanpotik datozenen artekoa. Bi ligaxketako bikote irabazleek elkarren kontra jokatuko dute finala.
Frontenis txapelketako partidak Arane Kiroldegiko frontoian jokatuko dira, artengo horia motako pilotarekin.