Talde berriekin fitxatu dute Soraluzeko hiru futbolari profesionalek

Ubane Madera Zangitu 2021ko abu. 24a, 11:15
Haritz Albisua Laskurain Logroñesen kamiseta erakusten. Argazkia: U.D. Logroñes.

Haritz Albisuak, Iñaki Reciok zein Mikel Juaristik, Soraluzeko hiru futbolari profesionalek talde berriekin fitxatu dute aurtengo denboraldirako. Albisuak Logroñes taldearekin fitxatu du, aurten estreinatuko den maila berrian jokatzeko, Lehen Federazioan. Reciok, berriz, Real Sociedad C taldearekin fitxatu du eta Mikel Juaristik lehenagotik ere ezagun duen Barakaldo taldearekin jokatuko du.

“Oso pozik” dago Haritz Albisua Laskurain aurten hasi duen ibilbidearekin. C.D. Logroñes taldearekin fitxatu du, bigarren mailan sortu den kategoria berrian jokatzeko, Lehen Federazioan edo Liga Pro-n. Azpimarratu du berarendako “aurrerapausoa” dela proiektu horretan sartzea, 40 talde bakarrik sailkatzeaz aparte, Leioarekin maila galdu ondoren “pozgarria” delako eta “ilusioa” egiten diolako goragoko mailako talde bat berarengan “fijatzeak”.

Pena eman dio, hori bai, Leioako aldagelako jendea lagatzeak, baina “argi” du Leioako etapa bukatuta zuela eta bertatik irtetea komeni zitzaiola, “helburu berriekin” hastea nahi duelako.

Hasteko "irrikaz"

Aste hauxe du Ligako lehena, zapatuan jokatuko baitu lehen partida Soraluzeko erdilariak. Dio “irrikaz” dagoela lehiarekin hasteko. Hori bai, gaineratu du denboraldi berria “oso zaila” izango dela talde historiko indartsuak daudelako maila berrian: Racing de Santander, Badajoz, Cultural Leonesa… “Oso liga gogorra izango da, baina baita polita ere, exijentzia maila altua izango du eta irrikaz nago hasteko eta konpetitzeko eta ikusteko ze mailatan gauden”.

Aurre-denboraldia uztailaren 10ean hasi zuen. Albisua Logroñon bizi da orain. Erosotasunarengatik, batik bat.  Astean behin, jai duen egunean, herrira bueltatzeko asmoa du.  

Iñaki Recio Irusta Realean

Iñaki Recio Irustari dagokionez, hark ere ibilbide berria estreinatuko du, kasu honetan Realaren hirugarren taldearekin. Orain arte baino maila beheagoan jokatuko du baina pena barik doa talde berrira: “Nik aurten nahi nuena ahalik eta gehien jokatzea zen eta Realaren C taldearekin, uste dut, minutu gehiago edukiko ditudala. Helburua da aurten asko eta ondo jokatzea datorren urtean berriz Sansen egoteko”.

Mikel Juaristi Ariznabarreta Bizkaian 

Mikel Juaristi Ariznabarreta, berriz, 2016/2017 denboraldian ezagutu zuen talde batera bueltatu da, Barakaldo C.F. taldera. Edozelan ere, erronka bikoitzari aurre egingo dio Juaristik, atzelari soraluzetarrak ez baitu futbola lanbide bakar izango: “Aurten Barakaldorekin jokatzeko aukera irten zait eta irakasle lanarekin uztartzeko aukera ematen dit, beraz gustura nago hartutako erabakiarekin”.

Leioa lagatzeak pena eman dio, noski, bi urte eta erdi egon baita bertan. Baina “ilusioz” ekingo dio ibilbide berriari: “Ilusioz hartzen dut urtea eta aurtengo helburua Barakaldo berriz igotzea izango litzake. Ez da helburu erraza baina lortzen saiatuko gara”.