Ana Bello pianojolea soraluzetar batzuen laguna da eta egunotan herrian egun batzuk emango dituela aprobetxatuz antolatu dute errezitaldi irekia San Andresen. Sarrera debaldekoa izango da eta publikoari borondatezko ekarpena bakarrik eskatuko diote.
Kontserbatoriotik ingurune naturalera
Kontserbatorioan piano karrera ikasi eta gero erabaki zuen Bellok ez zuela pianoa aretoetan “giltzapetu” nahi.: “Areto erraldoiak, non niretzat publikoarekiko konexioa galtzen den. Iritsi, agurtu, jo, txalo egin eta ospa. Beti egin dut kontzertista izatearekin amets, baina formatu tipikoa ez zetorren bat nirekin. Falta zitzaidan publikoarekin konektatzea hitz egitea, kantu eta abestien arteko etenaldiak egitea, mugimendua baimentzea, nirea eta publikoarena. Zurruntasuna ez den beste guzti hori. Gozatzea baino ez izatea garrantzitsua”.
Orduan hasi zen pianoa kalera atera eta jendearengana hurbiltzeko ideia lantzen. “Publikoarekin aurrez aurre jotzen hasi nintzen, hitz eginez, komentatuz eta mugituz, entzule diren pertsonekin lotura zuzenagoa sortuz. Horri gehitu nion pianoa eta jendea ingurune natural batean kokatzea: basoan, hondartzan, zelaian, igerilekuan, laku baten inguruan, kanpinean... Eta era horretan sortzen dena zoragarria da; atmosfera magikoa sortzen da. Hala sentitu izan dut nik eta publikoak ere bai, eskaini ditudan errezitaldietan”.
Pianoa kanpoan jotzeko “inspirazio” hori bere bizimodutik datorkio. Izan ere, duela 5 urtetik Camper furgoneta batean bizi da, hainbat herrialdetan zehar bidaian, eta pianoa berarekin batera daroa. “Ezin zitekeen bestela izan. Inoiz ez dut imajinatu nire bizitza musikarik barik. Modu honetara bizi eta ikusten duzu nola transformatzen diren proiektuak, ideak eta pentsamenduak. Oso kontaktuan zaude kalearekin ella ingurumenarekin. Hortik sortu zitzaidan pianoa bestelako espazio batzuetan jotzeko ideia. Batez ere, espazio naturaletan”.
Errepertorio klasikoa
Belloren errepertorioa “oso melodikoa” da; Yann Tiersenn, Ludovico Einaudi eta antzeko konpositoreen nahasketa da eta jotzen ditu Beethoven, Debussy edo Isaac Albenizen piezak ere. “Hunkitu eta konektatzen duen errepertorioa da. Pieza bakoitzaren aurretik azalpen labur bat ematen dut, konpositoreari, garaiari edo entzutean sor litezkeen sentimenduei buruz. Horri esker, jendeak asko konektatzen du genero klasikoarekin, eta nahiz askori musika klasikoak errespetua ematen dion, ‘gustatzen zait, baina ez dut ulertzen’, edo, ‘ez dakit musika klasikoaz’ eta halakoak. Ni ahalegintzen naiz oztopo horiek ahaztu arazten; besterik gabe, gozatu eta sentitu dezaten, horixe baita musikaren gauzarik politena”.
Diruaren zati bat gizarte-erakundeetara
Musika “gizartea eraldatzeko tresnatzat” hartzen du Bellok, eta, horregatik, bere errezitaldietan bildutako diruaren zati bat gizarte-erakundeei ematen die: “adibidez, etorkinei laguntzen dieten mugimenduei, kultur-erakundeei edo elikadura-subiranotasuna lantzen duten proiektuei”.
Eguneko saioa irekia izango da eta, tartean, poltsa pasatuko dute, "bakoitzak borondatez eman nahi duena" eman dezan.
Oharra: 2018an, Plaentxia.eus-ek Ana Bello eta bere bikotea elkarrizketatu zituen, lehen aldiz Soraluzera etorri zirenean.