Bi andaluziar eta katu bat Europatik Soraluzera

Egoitz Unamuno 2018ko uzt. 16a, 16:31

Antonio eta Ana.

“Bi pertsona eta katu bat munduan zehar bidaian” horixe da Ana Maria Bello eta Antonio Pichardo andaluziarren furgonetan jartzen duena. 2016ko abuztuan atera ziren Huelvatik eta bi urte hauetan Europa osoa zeharkatu dute. Etxerako bidean geldialditxoa egin dute Soraluzen.

Nola sortu zitzaizuen bidaiatzeko asmoa?

Furgoneta bat erosi genuen asteburuetan erabiltzeko, baina Interneten sartuta ikusi genuen bazegoela jendea furgoneta hartu eta urteetako bidaiak egiten zituena. Hasieran zorakeria zirudiena, azkenean, egia bihurtu zen. Izan zitekeen hilabeteko bidaia edo infinitora artekoa. Gure ideia zen ateratzea. Dena prestatzen ahalegintzen bazara, inoiz ez zara ateratzen. Gomendioa, beraz, hauxe da: ´ez prestatu, irten!`

Zein herrialde bisitatu dituzue bi urteotan?

Espainia gurutzatu dugu eta izan gara Andorran, Frantzian, Suitzan, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Austrian, Hungrian, Eslobenian, Kroazian, Bosnian, Montenegron, Serbian, Bulgarian, Grezian, Mazedonian eta Eslobakian.

Zer bisitatu duzue herrialdeotan?

Interneten begiratzen dugu eta normalean hiriburua bisitatu dugu, baina inprobisatua izan da gehienetan. Hori bai, medioek “hau ezin duzu galdu” iragartzen duten lekuetan egun bat egin dugu, edo ez gara joan, jendez beteta egoten dira eta. Nahiago dugu parke natural batera edo hondartza batera joatea, eta bertan pasatzea egun batzuk.

Zein izan da gehien inpaktatu zaituzten lekua?

Katedralak eta gazteluak politak dira baina benetan markatzen zaituena jendea da.

Bosnia, Eslobenia, Grezia... Lekua loturik dago bertako jendeari. Hegoalderantz joan garen heinean, Balkanetaruntz, jendearen harrera asko hobetu da; jendearen gizatasuna. Gero eta txiroagoa izan herrialdea, orduan eta hobea da jendea.

Oro har, iparraldean elkarbizitzarako arauak estuagoak dira eta hegoalderuntz egin ahala, dena da erlaxatuagoa, arau gutxiago dago eta errazagoa da dena. Inprobisazio gehiago dago.

Balkanak leku arriskutsu modura ikusten dira, bada, hemen?

Bai, baina ez da hala. Hango jendea hemen transmititzen digutenaren kontrakoa da, zeharo. Oso alaiak dira, beti barrez, beti laguntzeko gertu… Toki horietan espainiarrok oso ondo hartzen gaituzte, alemaniarrak eta estatu batuarrak baino hobeto.

Bosnian sartu ginen lehen gauean, mendialdeko herrixka batean egin genuen lo eta hurrengo egunean herri guztia genuen gure inguruan galdezka.

Gizon nagusi bat pasatu zen bizikletan eta bere etxera gonbidatu gintuen gosaltzera eta bere familia ezagutzera. Balkanetan, normalena izan da etxeetara gonbidatzea. Eta hori da modurik onena elkarren berri izan eta egunerokoa eta kultura ezagutzeko. Dudarik barik, jendeari galdetzea da bidaiatzeko modurik onena.

Alemania ere gustatu zaigu. Ezagutu dugu alemaniar kuadrikulatua, goizeko hamarretan furgoneta martxan jarri dugulako zoroa bezala datorrena, esanaz zarata jasanezina ateratzen ari garela eta itzaltzeko. Bost aldiz etorri zen eta azkenean itzali egin behar izan genuen. Bi aukera zeuden, furgoneta itzali edo zartako bat eman (barreak). Gero, badago beste alemaniar mota bat, bidaiatzen duena, eta irekiagoa dena.

Zelakoa da jendearen etxean sartzea?

Barrera hori hautsi genuen lehenengo aldia Alemanian izan zen. Ordura arte, kafe batera edo beste edozertara gonbidatzen bagintuzten beti ezetz esaten genuen. Baina konturatu ginen, jendea ezagutu nahi bagenuen, baietz esan behar genuela. Eta erabaki genuen gonbidatzen gintuzten bakoitzean baietz esango genuela. Halaxe egin genuen Sonia delako batek bere etxean dutxatzera gonbidatu gintuenean eta ikasi dugu norbaitek zerbait eskaintzen dizunean eta onartzen duzunean, beharrik ez baduzu ere, bi aldeek gozatzen dugula.

Hemen ez gaude ohituta jendea ona dela pentsatzera. Bidaian atera aurretik uste genuen orokorrean jendea gaiztoa dela, jende ona badagoen arren. Eta alderantziz da; jende gehiena ona da. Kontua da hemen jende gaiztoaz asko hitz egiten dela.

Norbaitek bere etxera gonbidatzen bazaitu, pentsatzen duzu zerbait txarra egingo dizula. Eta bidaiatzeak erakutsi digu pentsamendu hori ez dela zuzena. Kosta zitzaigun pixka bat, baina aldatu genuen pentsatzeko modu hori. Hori bai, beti gorde behar da lotsa puntu hori, lotsagabe ez bihurtzeko. Gauza bat da laguntza onartzea eta beste bat aprobetxatzea. Horregatik, eskerrak emateko, zartagin bat erosi genuen eta patata tortilak oparitu izan dizkiogu modu batera edo bestera lagundu digun jendeari (barreak). Horixe izan da gure ordaina.

Eta funtzionatu du?

Bai, sekulako arrakasta izan du.

Zein izan da bidaian ezagutu duzuen familiarik bereziena?

Herrialde guztietan topatu dugu norbait berezia. Harremanik estuena mekanikoekin izan dugu (barreak). Bosniako batekin astebete egin genuen. Bere tailer mekanikoan lo egiten genuen eta goizero elkarrizketa luzeak izaten genituen kafearen bueltan; berak bere hizkuntzan, serbokroazieraz, eta alemanierazko berba batzuk sartuz, eta guk espainolez; eta harrigarria bada ere, azkenerako kontu mordoa ulertzen genion elkarri (barreak).      

Hizkuntzarekin zela moldatu zarete?

Ingelesarekin ondo herrialde guztietan, Frantzian izan ezik. Frantzian, Espainian bezala, ingeles maila oso baxua da. Balkanetan eta Grezian oso ondo dakite ingelesa, eta italiera eta alemaniera ere ezagutzen dute.  

Zer ikasi duzue bidaian?

Konturatu gara geldi geundenean konturatzen ez ginen gauza askorekin. Zela jaten dugun, zela tratatzen dugun jendea, bizitzeko zer behar dugun… Bidaian zoazenean behar duzuna bakarrik erosten duzu eta denbora eskaintzen diozu janaria prestatzeari. Europan ia inork ez du sukaldatzen eta janari prekozinatua jaten dute. Gure lentejak denei gustatzen zaizkie, baina gero inork ez ditu prestatzen.

Ikusi dugu Greziako supermerkatuetan zelako prezioak dauden. Alemaniako produktu berberak daude baina %30 garestiago, eta greziarrek 300 euroko soldatak dituzte. Gure teoria da Alemaniak gerra ekonomikoa duela Europako herrialde guztiekin eta elikagaien merkatua kontrolatzea duela helburu, ondoren herrialdeak kontrolatu ahal izateko. Greziarrei hori egin badiete, zer ez digute egingo guri.

Bidaian ezagutu duzuen jendearekin mantentzen duzue harremanik?   

Bai, kontaktu zerrenda luzea dugu. Huelvara gonbidatu ditugu. Zuek ere, nahi baduzue, gonbidatuta zaudete.

Nolatan Soraluzen ?

Bidaian atera ginenean, soraluzetar batek gonbidatu egin gintuen bere etxera Interneteko foro batean, eta zazpi egun egin genituen bertan (Argarate baserrian). Orain, bueltan, berriz etorri gara bisitan.

Eta, ze inpresio?

Bikaina. Oso ondo pasatu dugu eta asko ikasi dugu. Elkarrizketa oso interesgarriak izan ditugu, pentsarazi digutenak beste ikuspegi batetik. Hori zuzenean azaldu ezean ez dago barneratzerik.

Bilbotik sartu ginen Euskal Herrian. Nahi genuen euskaraz entzutea eta jendearengana hurbiltzen ginen, baina denak gazteleraz entzuten genituen. Hona iritsi ginenean ezagutu genuen ezagutu nahi genuen guztia: hizkuntza, kultura… Ezezagutza eta aurreritzi asko ditugu.

Furgonetan baditugu hiru edalontzi plastikozkoak, Soraluzeko jaietakoak, eta gonbidatuekin zeozer hartu izan dugunean atera izan ditugu. Beti eman dute berbetarako gaia, testuak zer esan nahi duen jakin nahi izaten dutelako. Elkarrizketa oso interesgarriak sortu ditu.

Orain goazen lekuetan kontatzen dugu hemen badela hizkuntza bat ez duena gaztelerarekin zer ikusirik, Europako zaharrenetakoa dela eta mendetan zehar jasan dituen debeku eta zigorren gainetik, hemengo jendeak aurrera jarraitzen duela bere hizkuntzarekin. Jendea asko harritzen da eta interes handia pizten du.

Etorkizunean bidaian jarraitzeko asmoa duzue?

Bai. Orain Huelvara bueltatuko gara eta furgoneta moldatuko dugu bidaian jarraitzeko. Gure asmoa da laster Ameriketan zehar bidaiatzea.