ARGAZKI SORTA

Liluratuta

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 20a, 18:45

Slacline praktikatzeko eta jarduera hori jendearen artean ezagutarazteko helburuarekin izan ziren Soraluzen Slakherria elkarteko orekariak, domekan. Bada, sortu zuten ikusmira ikusita, helburua lortu baino gainditu egin zuten. Goizez zein arratsaldez, ibaia bertakoen zein bisitarien begiraden jopuntu bilakatu zen. Tartean, baita argazkilari askorenak ere. Segidan, Fernan Oregik (1etik 56ra) eta Alex Amorrek (56. argazkitik aurrera) atera zituzten argazki ikusgarrietako batzuk. Artikulu barruan, berriz, Tamara Traversori, Slalkherria elkarteko kideari egindako elkarrizketa. 

“Kontzentrazioa baduzu eta pazientzia, lortzen duzu”

Tamara Traverso bizkaitarra Slakherria elkarteko kidea da. Soraluzen izan zen domekan. Goizean oreka, salckline eta kendama tailerretan laguntzen ibili zen, besteak beste. Kontatu zuen urte asko daramatzatela oreka lantzen. Gaineratu zuen, besteak beste, domekakoa moduko ekimenekin, jarduera hori eta horren onurak ezagutarazi nahi dituztela: 

Zein da ekimenaren helburua?
Jendeak slackline ezagutzea eta ikustea ez dela zaila. Tailerren bitartez eta laguntzarekin, nahi dugu jendeak bizitzea esperientzia hori: norbere gorputza ezagutzea, kontzientzia izatea eta kontzentratuta egotea. Laguntzagaz errazago egiten da eta edozein pertsonarendako da aproposa jarduera hau.

Ez da ezaugarri berezirik behar slackline egin ahal izateko?
Ez, ez. Ez duzu zertan indartsua izan behar, kontzentrazioa baduzu eta pazientzia, lortzen duzu.

"Euskal Herriko lehen orekariek orain dela 15-20 urte jarri zuten lehen soka, Yosemiten"

Nondik nora piztu da slacklinarekiko zaletasuna?
Euskal Herriko lehen orekariak Mutrikuko Txirrita eta Txefe izan ziren. Orain dela 15-20 urte jarri zuten soka bat Yosemiten (Kalifornia) -han du jatorria slacklineak-. Bestalde, orain dela 10 urte jarri zen modan slackline karrakagaz, enpresa batek bultzatu zuen hura, zuhaitzetatik-eta zintzilikatzeko. Eta orain dela 10 urte, baita ere, jarri zen modan trickline; hori da saltoak, txiribueltak… egitea, oreka eta akrobaziak. Gure artean, Ederrek, adibidez, 10 urte daramatza eta soka mota guztiak ibiltzen ditu, 100, 200 metrokoak. Jon Montesek bost urte daramatza; Sarako beste bik urtebete besterik ez daramate baina dagoeneko metro mordoa ibiltzen dira. Nik daramatzat bi urte highline egiten, slackline alturan. 

Gaur Soraluze duzue topagune, baina zeintzuk zarete?
Hainbat elkarte daude Euskal Herrian, Oreka Tolosa eta Slackline Pays Basque eta Slakherria, berriz, da elkarte guztien topagune. Bakoitzak bere jarduerak egiten ditu. Adibidez, abuztuaren azken asteburuan Riverline egingo du Oreka Tolosak.  Soraluzeko topaketa, berriz, bultzatu dugu Slakherriko jendeari gustatzen zaigulako kirol hau leku desberdinetan egitea. Asier Amutxastegi eta Markel Albisua hemengoak direnez, dena egin da arin. Abel zinegotziari gustatu egin zitzaion ideia eta horrela etorri gara, super pozik.

Slckaline zer da jarduera bat, diziplina?
Orekaren barruan diziplina asko daude: Trickline (bueltak), Longline (luzea, parkean) Midline (altuera ertainean) eta Highiline (altuera handia). 

Gure Esku Dago-ren Bilboko ekitaldian ere egon zineten; hortaz, zuek kontratatzea posible da?
Bai. Jendeak akaso ez du imajinatzen bere jardunaldi barruan halako zerbait sartu ahal dela, baina norbaitek ikusten badu egin daitekeela, gurekin harremanetan jar dadila: 600 507 769. 

"Saiatuko gara herri gehiagotan hau bultzatzen"

 

Besterik nahi duzu gaineratu?
Jendea anima dadila probatzera. Hurrengo hitzordua abuztuko azken asteburuan izango da, Tolosan, Riverline egingo da. Gure aldetik, saiatuko gara herri gehiagotan hau bultzatzen.