Errugbia

Errugbia ikusgarri

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 18a, 11:00

Atzo, zapatua, errugbizale gaztez eta beteranoz bete zen Ezoziko Futbol Zelaia, Errugbi Egunaren bueltan, Euskadiko eta Espainiako selekzioko jokalariak barne. Beteranoen gidaritzapean, luxuzko entrenamendua izan zuten umeek eta “izugarri" disfrutatu zuten. Eibarko eta Iruñeko jokalari beteranoek, berriz, joku ikusgarria erakutsi zuten euren artean jokatu zuten partidan. Argazkiak: Fernan Oregi.

Goizean elkartu eta umeak izan ziren eguneko lehen protagonistak. Soraluzetarrekin batera, Eibartik bertaratutakoek ere jardun zuten errugbiaren nondik norakoak ikasten eta praktikatzen. 30 ume pasa elkartu ziren eta meleak, entseguak, hagetara tiroak… egin ondoren, elkarren arteko partida jokatu zen.

Beteranoan txanda izan zen ondoren. Iruñeko eta Eibarko senior mailako jokalari beteranoek elkarren kontrako partida jokatu zuten, soraluzetar jokalari beterano eta gazteak ere tartean zirela. Gainera, etxekoek lortu zuten entseguren bat zein beste, ikusleen pozerako.

Betalde, izen handiko jokalariak ere bertaratu ziren, adibidez, Amaiur Mayo, Eibarko Rugby Taldeko errugbilaria. Euskadiko eta Espainiako selekzioko jokalaria da bera eta Copa de La Reina irabazi berri du Madrilen, Espainiako Rugby Zazpi txapelketan, anotatzailerik onena izatearren.  

Eguna borobiltzeko, ezin bestela izan eta umeek, gazteek, helduek zein beteranoek errugbiak horren barneratuta daukan 3. denboraz gozatu zuten.