Goizean goiz hasi eta eguerdi-arratsaldera arteko ekitaldiak antolatu dituzte Errugbi Egunerako. Honakoa da egitaraua:
- 10:30ean, Errugbia ezagutu eta gozatzeko jokoak
- 11:45ean, hagetara txuteak. Euro baten truke hiru jaurtiketa
- 12:30ean partidua, errugbi zaleekin
- 3. denbora parte-hartzaile guztientzat
- Taberna zabalik izango da
Iragarritakoez gain, besteak beste, otar zozketa ere egingo dute zapatuan. Izan ere, Errugbi Egunean batuko den diruarekin Errugbi Taldearendako ekipazioa erosiko dute, iaz egin zuten moduan. “2020an, talde guztiarendako ekipazioa erosi ahal izan genuen gure babesleei esker eta Errugbi Egunean batutako diruari esker”.
Ohiko kirolekiko alternatiba
Zapatuan egingo duten Errugbi Egunaren helburua da kirol jarduera horrek dituen onurak zein jarduera bera herritarren artean ezagutzera ematea herritarrak parte har dezaten animatzeko. "Uste dugu herrian dauden kirol ohikoekiko alternatiba ona dela errugbia. Eta nahiko genuke herrian bertan harrobitxoa sortu, edo sikiera, Soraluzeko umeei aukera eman kirol hau herrian bertan praktikatzeko", diote antolatzaileek.
Halaber, azpimarratu dute edozeinek praktika dezakeela errugbia, ez dela ezaugarri berezirik behar eta gainera, bestelako kirol batzuekin alderatuta, talde-lana saritzen dela kirol jarduera horretan: "Errugbian edozeinek jardun dezake; genero berdintasuna erabatekoa da; ez dago kuotarik ordaindu behar eta aniztasuna bultzatzen dugu taldean. Bestalde, errugbia kontaktua duen kirola da, baina ez da biolentoa. Gainera, errugbian taldea da garrantzitsuena, ez dira jokalari indibidualak saritzen, jokalari batek bakarrik ezin baitu ezer egin. Eta jende guztiak dauka lekua, guk ateak zabalik ditugu adin eta mota guztietako jendearendako, etorri eta proba dezatela. Hori lortu nahi dugu".