Zintzilik, familia guztiarentzako musika ikuskizuna gaur Antzokian

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 11a, 11:34

Nagore, Irati, Quico eta Domentx.

Herriko musikari talde batek sortu duen Zintzilik ikuskizuna aurre-estreinatuko dute gaur arratsaldean (18:00etan), Antzokian. Jazz musika eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia familiei eta edozein adinetako herritarrei dago zuzendua.

Gaztelupeko Hotsak elkarteak bultzatuta eta Udalaren laguntzarekin, “oso-osorik” herrian bertan sortu eta gorpuztu den musika-proiektua da Zintzilik.

Quico Puges Eibarren bizi den musikari kataluniarrak zuzendu du eta Quico Puges bera, Nagore Sanz eta Domentx Uzin Musika Eskolako hiru irakasleak dira obra taularatuko duten artistak, Irati Bilbao tronpetista eta jazz kantari durangarrarekin batera.  Alderdi teknikoen arduradunak, berriz, Javi Ulla argiztatzailea, Sadia Haider jostuna (pakistandar jatorriko soraluzetarra) eta Peio Gorrotxategi soinu teknikaria dira.

Jazzaren hizkuntza gerturatzeko

Familia guztiarentzako musika ikuskizun bezala aurkeztu dute Zintzilik, “jazzaren hizkuntza entzulego guztiengana gerturatzeko” sortua eta “ohiko kontzertu-formatuetatik haratago”, era “ludiko eta dibertigarrian” garatzen dena.

Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, “gipuzkoarrak pribilegiatuak gara” jazzaren lurraldearen hiruburuan bertan, alderdi ludikoa nahiz akademikoa eskaintzen direlako, mundu mailan erreferente diren Donostiako Jazzaldia eta Musikene ikastegia bezalako proiektuen eskutik. Aldi berean, aipatzen dute jazzaren inguruko “ezjakintasun handia” dagoela eta hori gainditzeko proposatzen dute musika “zabaldu eta publiko berria” sortzea, jazzaren ezagutza zabaldun eta “desoreka geografikoa” eta “programazio desoreka” leunduz. “Eta zer hobe, gazteekin hastea baino dibertitzen eta zaletzen”, diote.

Erlazionatuak