"Kontzertua da? Antzerkia da? Bai, baina ez"

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 11a, 11:53

Quico Puges.

Quico Puges Suarez (Vic, 1981), Zintzilik musika ikuskizunaren zuzendaria.

Nor da Quico Puges?

Musikaria naiz, ofizialki biolontxelista naiz, baina beti izan dut interesa nire estilotik kanpoko proiektuetan eta Katalunian familiei bideratutako ikuskizun asko egin ditut, klasikoa, folka, jazza... landuta. Dibertsitate funtzionala duten pertsonekin ere prestatu izan ditut kontzertuak. Kasu horietan musika estiloa baino garrantzitsuagoa da jarrera, jolasa… Bartzelonako Xanfra zentroan ere egin dut lan; integrazioa lantzen duen zentro ospetsua da.

Txelista moduan kontzertuak emateaz gain, irakasle naiz Bergarako eta Soraluzeko musika eskoletan, inprobisazioa irakasten dut Esmuc-en (Escola Superior de Música de Catalunya) , eta hurrengo kurtsoan bi kolaborazio egingo ditut master banatan, ekintza sozialari eta musikoterapiari loturik.

Zein dira Zintzilik ikuskizunaren ezaugarri nagusiak?

Da espektakulu bat ez duena bilatzen forma konkretu bat izatea. Alderantziz, bilatzen duena da ikusle bakoitzak sortu ahal izatea harreman bat bere ikusten duen horren artean. Ondorioz, ikusle batek emango dio balioa gauza bati eta bigarren batek beste bati, baina biek gozatu ahal izango dute.

Afrikan ba ei dago leinu bat arte guztiak batera izendatzen dituena, berba berdinarekin; dantza, musika, antzerkia… Badakigu lehen horrela zela, disziplina guztiak bateratasun batean lantzen zirela. Hori da gure filosofia. Sentsazio hori oso garrantzitsua da gure kontzertuan. Zer ikusiko du jendeak? Kontzertu bat? Antzerki bat? Bai, baina ez. Alde horretatik, gure asmoa da ikusleak konflikto bat sentitzea ikusi duena sailkatzeko orduan.

Jazz musika transmititu nahi duzue?

Emanaldiaren diseinua pentsatuta dago helburu didaktikoekin baina inori ezer erakusteko intentziorik barik. Inor ez da aterako jakinda zer den swing-a, baizik eta, emanaldiak eragingo ditu erlazio batzuk, aurrerago beharbada ikusleari lagunduko diotenak ulertzen zer den musika hori bere zabaltasunean.  

Emanaldiak jazzaren hizkuntza darabil baina ez askotan proiektatzen den jazzaren izaera elitista hori, baizik eta askotarikoagoa, jostaria. Izan ere, musika denona da eta denontzat eta horregatik da beharrezkoa agertzea bere testuringuru guztietan.    

Etorkizunean, Soraluzetik kanpo ere aurkeztu asmo duzue ikuskizuna.

Bai, mundu guztian zehar (barreak). Emanaldi honek ez du berbazko hizkuntzarik, bakarrik musikarena, eta, hortaz, musikaren unibertso zabal horrek aukera emango digu ikuskizuna edozein herrialdetan eskaintzeko.

Era berean, esperientzia honek balio dezake etorkizunean Soraluzeko Musika Eskolan halako edo bestelako proiektuak landu ahal izateko.