Edukiontzien txip sistema berrezartzea eskatu zuen EH Bilduk

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 8a, 10:35
Udal ordezkariak botoa ematen, atzo, eguaztena.

Bizkorra eta laburra izan zen atzoko ezohiko osoko bilkura. Mahai gainean zeuden puntu guztiak aho batez onartu zituzten udal ordezkariek. Hori bai, bi punturekin kezka helarazi zuen oposizioko koalizio EH Bilduk. Batetik, edukiontzietan batzen den errefus kopuruak nabarmen gora egin duelako eta bestetik, futbol zelaiko taberna eta instalazioak zabaltzeko inor ez dagoelako.

Apenas hogei minutu iraun zituen irailera bitartean egingo den azkeneko osoko bilkurak. Alderdien arteko adostasuna nagusi izan zen, aztertutako puntu guztiak aho batez onartu baitzituzten.

Horien artean, adibidez, onartu egin zuten ordenantza fiskalak aldatzea, herriko bost elkarte gastronomikoak zaborren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita lagatzeko.

Iker Aldazabal alkateak esplikatu zuenez, elkarte batek egin zuen eskaera eta kontuan hartuta elkarte gastronomikoak ixteko agindua goitik etorri zela, eskaria onartzea “logikoa” iruditu zaie.

Hori horrela, urtarriletik ekainera bitarteko zaborren gaineko tasa ez dute ordaindu beharrik izango. Dirutan begiratuta, 2.000 euro inguru gutxiago jasoko ditu Udalak horren ondorioz.

Futbol zelaiko instalazioak

Bestalde, onartu egin zuten, baita ere, Sora Futbol Taldearekin hitzarmena berritzea, hark Ezoziko futbol instalazioak erabil ditzan.

Baina, era berean, Jone Alberdi EH Bilduko zinegotziak kezka helarazi zuen gai horrekin lotutako hainbat puntu “airean” geratu direlako; nabarmenena, ez dagoela inor instalazio haiek zabaltzeko.

Alberdiren ustez, horren ondorioz, galdu egin da “herriarentzat oso leku aberasgarria” bilakatu dena, futbol zelaiko ur-txorroak eta bestelakoak ezin izango baitira erabili aurtengo udan. “Irailean lanean jarraitu beharko dugu gai horren gainean”, azpimarratu zuen.

Edukiontzien txip sistema

Alderdien artean kezka eragin zuen, baita ere, jakiteak birziklatu ezin den hondakinen kopuruak gora egin duela azken sei hilabetean.

Debabarreneko mankomunitateak emandako datuen arabera, 2020ko datuekin alderatuta, 2021eko lehen seihilekoan 100 tona hondakin gehiago bildu dira edukiontzi grisetan (errefusarenean), hau da, birziklatu ezin diren hondakinen kopurua igo da.

Emaitzak ikusita, Roke Akizu bilkideak adierazi zuen errefus kopurua igotzeak zerikusia duela pandemia hasieran edukiontzi grisak eta marroiak zabalik lagatzeko hartu zen erabakiarekin. Akizuren ustez, “datuek agerian lagatzen dute sistemak kale egiten duela, are gehiago, kontuan hartuta erraztasunerako eta nagikeriarako dugun joera”.

Abel Olaizolak zein Patricia Borinagak, biek ala biek erantzun zioten Akizuri. Laburbilduz, esan zuten administrazioarena baino, batik bat, “norbere” ardura dela hondakinak behar den moduan sailkatzea eta botatzea. “Ikusi ditugu poltsak edukiontzi ondoan lurrean lagata, edukiontzietatik zintzilik lagata… Zikin handi batzuk gara eta zaigu batere ardura besteak molestatzea”, esan zuen Olaizolak.

Akizuk zein Larreategik, biek ala biek azpimarratu zuten hori horrela izanda, zerbaitengatik ipini zela txip sistema: “Jarri zen badakigulako zein den joera”, esan zuen Akizuk eta Larreategik gogora ekarri zuen “ehunka mila euroko” inbertsioa egin zuela mankomunitateak orain erabiltzen ez den sistema hori ezartzeko. Oposizioak galdetu zuen ea noiz itxiko ziren edukiontziak, txip sistema berriro erabiltzen hasteko.

Eztabaida bukatutzat eman zen Iker Aldazabal alkateak zein Abel Olaizola zinegotziak esan zutenean mankomunitateko hurrengo administrazio kontseiluan gaia mahai-gaineratu egingo dutela eta erantzunen bat ekarriko dutela udaletxera.

"Churruquena" lursailaren dohaintza

Azkenik, atzo onartutako beste puntuetako bat izan zen Churruquena izeneko lursailaren dohaintza. Iker Aldazabal alkateak esplikatutakoaren arabera, lursail hura Udalari eman zion berezko jabeak, saihesbidea egin zenean. Baina, Aldundiak lursailaren IBIa jatorrizko jabeari kobratu dio urteotan. Orain, dohaintzaren bitartez, egoera erregularizatu egingo dute. Lursaila goiko argazkian dagoena da.