Patricia Borinaga udal ordezkariak “erabateko babesa” erakutsi dio LGTBI kolektiboari

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 7a, 14:35

Udaleko Berdintasun Saileko arduradun Patricia Borinagak "baldintzarik gabeko eta erabateko" babesa erakutsi dio LGTBI kolektiboari. Samuel Luiz gaztea jipoituta hil izanaren harira helarazi du komunikatua zinegotzi sozialistak, esanez, gertakariak “kutsu homofoboa” duela.

Patricia Borinaga zinegotziaren ustez, zapatu goizaldean A Coruñan izandako erasoak erakusten du "oraindik ere asko dagoela egiteko eta bistan lagatzen ditu LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonek jasaten duten diskriminazio eta injustiziak”.

"Egile" guztiak

Hark gaineratu du “tolerantzia, berdintasuna eta sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua oraindik gainditu gabeko irakasgaiak” direla eta azpimarratu du “erakundeetatik lanean jarraitu” behar dutela “gorroto-diskurtsoak desmuntatzeko eta pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko”. Halaber, espero du poliziaren ikerketak “gertakariak argitu” eta gaztearen hilketan parte hartu zuten “egile” guztiak aurkituko dituela. 

Bestalde, gogora ekarri du Udaleko Berdintasun Sailak lanean diharduela “gizarte berdinzaleago, toleranteago eta askeago bat eraikitzeko”, besteak beste, “kolektiboari eta haren ikurrei ikusgarritasuna emanez” urtero,  “maiatzaren 17an eta ekainaren 28an” eta, oro har, “berdintasunari, sexu-aniztasunari eta genero-identitateari” buruzko ekimenak antolatuz eta bultzatuz, ikastetxeetan zein bestela. 

PSOEk onartutako legeak

Azkenik, bozeramaile sozialistak azaldu du “harro” dagoela beti LGTBI kolektiboaren eskubideak bultzatu eta indartu dituen alderdi bateko kide izateagatik. Gogorarazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak onartu zuela kode zibila aldatu eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbidetzen zuen legea. 

Eta baita ere, Pedro Sanchez buru duen Ministroen Kontseiluak “trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege-aurreproiektua” onartu zuela. Borinagaren ustez, lege horrek “LGTBI eskubideen garapen garrantzitsua” ekarriko du.