Euskal Armadako brigadista txinatarraren bila

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 3a, 08:00
Begoña Ariznabarreta Txinako egunkari batean argitaratu duten artikulua eskutan, Sancho el Sabio Fundazioaren atarian (Gasteiz) . Argazkia: Itziar Ugartemendia.

Begoña Ariznabarreta (Soraluze, 1953) Luis Ariznabarreta 'Espilla' milizianoaren alaba da eta iaz ikerketa abiatu zuen aitak gerran lagun izan zuen Aking Chang brigadista txinatarraren ondorengoak topatzeko. Hamar hilabeteren ostean, ikerketak fruituak eman ditu eta, bide batez, sakonago ezagutu ditu aita eta gerra. 

IIaz, konfinamendua ezarri zenean, Begoñak, bere ahizpekin batera, aitak Gerra Zibilari buruz idatzitako eskuizkribu sorta aurkitu zuen gurasoen etxean Gasteizen: “Ganbarako materialen artean agertu ziren eta, tartean, aiba! Rusos y chinos en el Ejercito Vasco eta Un chino en el Ejército vasco izeneko bi eskuizkribu. Lehenengoan, kontatzen du nola asturiarrek euskal soldaduak euskaraz entzun zituztenean, pentsatu zuten errusiarrak zirela; eta bigarrenean, berriz, aipatzen du gerrako azken asteetan “Shangai” izenez deitzen zioten txinatar bat izan zutela gudakide "Iparreko frentean".  

Begoñak interneten kontsultatu zuen gaia eta Los brigadistas chinos en la Guerra Civil liburuarekin egin zuen topo (Txina, 2001). Gaztelerazko bertsioa (Bartzelona, 2013) eskuratu eta lehen orrietan aurkitu zuen bilatzen zuena: Aking Chang brigadistaren aipamena. Ordea, ez zioen ezer aitak kontatzen zuenaz, alegia, Chang Gijonen lehorreratu zela eta Euskal Armadako kide izan zela.  

Hari horri tiraka, Begoña harremanetan jarri zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko itzultzaileekin, eta euren laguntzaz lortu zuen liburuaren jatorrizko egileekin kontaktatzea, Hwei eta Len Tsou-rekin, Kalifornian bizi diren txinatar jatorriko senar-emazteekin. "Informazioa trukatu ostean, esan nien polita izango litzatekeela Changen ondorengoei aitaren eskuizkribuak ematea eta, harrezkero, elkarrekin dihardugu ikertzen”. Azken asteotan, Gijonen eta Parisen aurkitu berri dituen pistek are gehiago hauspotu dute ondorengoak aurkitzeko itxaropena.

Aita, miliziano eta preso

Datuak osatu nahian, Gasteizko “Sancho el Sabio Fundazioan” ziharduela, ezustean, 90eko hamarkadan Carlos Blasco Olaetxea Fondoak aitari egindako elkarrizketaren audioa aurkitu zuen Euskadiko Artxibo Historikoan. “Audio horretan nire aitaren kontakizuna dago, Plazentziatik atera, Asturiasen preso hartu eta askatu zutenera bitarte. Altxor handia da guretzat eta inpaktagarria momentu askotan”. 

Eskuizkribuetan eta audioan kontatu zuenarekin ari da osatzen aitaren gerrako ibilera: 1936an, 20 urte zituela, “Luis Ariznabarreta ‘Espilla’ boluntario aurkeztu zen Euskal Armadan "Altxamenduaren aurka eta Errepublikaren alde borroka egiteko". Lehenik, Compañía Placentinako kide izan zen (hainbat ideologiatako 200 bat plazentziatarrekin batera) eta, ostean, Amuategi batailoi sozialistako miliziano. Basalgo, Irure eta Arrateko frenteetan atzeraka hasi eta bonbardaketaren testigu izan zen Gernikan. Etxanon, Lemoan eta konta ezin ahalako batailatan egin zuen borrokan, 1937an Trubian (Asturias) inguratu eta preso hartu zituzten arte. Han hasi zen galtzaileen “kalbario handia”.  

Garaileek preso hartu eta gero, hiru urte egin zituen preso eta bat "errekruta". Lehen hiru urteetan, Espainiako hainbat kontzentrazio esparrutan eduki zuten, batez ere, lan behartuak eginaraziz: Mieres (Asturias), El Picadero eta San Marcos (Leon), Santoña (Santander), Teruel, Cuenca, Guadalajara, Castellon…  Azkenik, 1940an, Plazentziara ekarri zuten guardia zibilaren koartelera baina handik Donostiara bidali zuten "errekruta", zigorra luzatuz beste urtebetez. 1941eko abenduan bueltatu zen etxera, baina baldintzapean eta herritik ateratzeko debekua ezarrita".Gainera, 1936 eta 1945 urteen artean, aita, ama eta bi anai galdu zituen, gaixotasunen eraginez.

Shangai “laguna”

Garaileek ekoiztutako 'Prisioneros de Guerra' dokumentaletik ateratako irudia. Eskuma aldean ageri dena da Aking Chan. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA.

Luis Ariznabarretak Un chino en el ejercito vasco eskuizkribuan kontatzen duenez, Asturiasen ezagutu zuen Shangai, nazionalek preso hartu baino zortzi bat aste lehenago. “Cecedan geundela (Asturias), Shangai hirian sortua zen txinatar bat heldu zen gure artera, bi euskaldunek lagunduta, gure Brigadan enrolatzera. Nire eskuadrara destinatu zuten eta geurekin batera egin zuen borrokan, eta preso ere geure ondoan izan genuen. (...) Honenbestez, aitatzen dudan txinatarrak euskaldunekin batera egin zuen borrokan. Shangai deitzen genion, bere jatorrizko lekuaren izena horixe zelako. Gure arteko euskaldun bat gehiago izan zen, bai borrokan eta baita kartzelan ere. Leongo kartzelan galdu nuen bere arrastoa, deklarazioa hartu eta gero, bera lekuz aldatu zutenean, ez dakit nora. Ni Santoñako kartzelan gelditu nintzen. (…) Shangai laguna, Gasteizko txoko honetatik, Euzkaditik, besarkada eta agur bero bat, bihotzez zuri. Koldaritz”.

Begoñak jakin ahal izan duenez, Aking Chang-ek bere herrialdetik ihes egin zuen barku batean, "bizitza salbatzeko, Txinako alderdi nazionalista atzetik baitzuen sindikatu komunista bat sortzeagatik". Gijonen lehorreratu zen eta han Errepublikaren aldeko Euskal Brigadan sartu zen.  

Dokumentu militarrek diotenez, preso hartu ostean, Akingek zigor ikaragarria jasan zuen. Sei urtean mantendu zuten konzentrazio zelairik okerrenetan: Mieresen, El Picaderon, San Marcosen, Santoñan, San Pedro de Cardeñan, Belchiten, Palencian eta Miranda de Ebron.

Arrastoa Parisen

Datu gehiago jakin nahian, maiatzean, Avilako Artxibo Militarrera idatzi zuen eta bi asteren buruan jaso zuen erantzuna: "1943ko irailaren 23an Aking Chang Txinako delegazioaren ordezkari bati entregatu zioten, Moncha Wei andereari". Interneten begira hasi eta andrearen eskela aurkitu zuen, aurtengoa. Bilaketarekin jarraituta, andrearen lobak aurkitu zituen Gijonen eta eurek baieztatu diote izeba martxoan hil zela, 97 urterekin. Begoñak uste sendoa du azkenean Aking Chang aurkitu duela. “Bere bila joan zen emakumearekin ezkondu zen, Montxa Weirekin. Berarekin bizi izan zen Parisen izena aldatuta, eta 1975ean hil zen, ondorengorik gabe. Lobak aurkitu ditut eta eurekin harremanetan nago, dokumentuen bidez dena konfirmatzeko”. 

"Nire bihotza oso minduta dago..." 

Luis Ariznabarreta 1941ean itzuli zen etxera... "Gaur etxeratu naiz, baina ez askatasun osoarekin. Nire bihotza oso minduta dago..." dio hiru bertso ondu baino lehen. Bihotzean mindu du, hainbat lagun, eta anaia, betiko galdu dituelako gerran. Honela dio lehen bertsoak: "Mendi gainetan eta bide baztarretan, ainbat ta ainbat il ziran kartzel barrenetan. Goietatikan bera zigorrez besteak gaixorik etorriak morduak il ziran penarekin lertuak urringo lurretan".

 1938an, lan behartuen batailoian, Ontanedako (Kantabria) balnearioan. Lehen ilaran eserita ageri dena da Luis (ezkerretik bigarrena). Iturria: Euskadiko Artxibo Historikoa.

Txinerazko artikulua

Otsailean, gaiari buruzko artikulua argitaratu zuten Txinan. Artikulua kontsultagai dago 'Reminiscencias en España/Oroitzaztarnak Espainian' izenarekin www.sanchoelsabio.eus webgunean. Egilea: Hwei-Ru Ni.