Bizi izan duten esperientziarekin gustura

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 23a, 18:30

Unax Rodriguez Audi Creativity Challengeren sari banaketan.

Pili Alonso eta Unax Rodriguez ama-semeak pozik bueltatu dira Audi Creativity Challenge-ko sari banaketatik. Irabazi ez arren, izandako esperientzia aberasgarria azpimarratu dute, batik bat, antolatzaileek euren proiektuarekiko erakutsitako interesarengatik. Ez dute baztertzen aurrerago Youthnet proiektua beste nonbaiten aurkeztea.

Zapatuan izan zen Audi Creativity Challengen finala, Bartzelonan. Beste bederatzi talderekin batera izan zen soraluzetarrek eta peñiscolarrek osatutakoa. Youthnet izeneko proiektuarekin iritsi ziren finalera.

Irabazlea Palabras Mayores izeneko app-a izan zen. Pertsona nagusiei euren esperientziak eta istorioak kontatzeko bidea eman nahi diete haren bitartez.

Beraz, soraluzetarrek ez zuten garaipenik lortu. Baina oso pozik daude dira bizi ahal izan duten esperientziarekin. Diotenez, ekimenaren antolaketa bikaina izan da eta baita jasotako arreta ere. Antolatzaileek bazuten Youthnet proiektuaren gaineko ezagutza eta interes handia sumatu zuten haiengandik.

Beste nonbait aurkeztu

Orain, etxera bueltatu eta oporrak hartuko dituzte, ondo irabazitakoak, Youthnet app-a lantzeko jai-egun asko pasatu baitute lanean iazko irailetik. Edozein modutan, ez dute baztertzen, atseden hartu ondoren, Yotuhnet beste nonbait aurkeztea.

Erlazionatuak