Ia 70 neska, futbolarien topaketan

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 21a, 09:27
Neska futbolariak Agorrosinen. Argazkiak: Alex Rodriguez eta Goiena.

Zapatuan, goiz osoko jardun betea izan zuten Neska Futbolarien Topaketara bertaratu ziren futbolari gazteek. Soraluzeko, Bergarako, Antzuolako eta Elgetako futbolari gazteek parte hartu zuten Bergarako topaketan, ia 70 neskak. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute. Euren nahia da datorren urtean neska gehiago animatzea futbol eskoletara. 

Antolatzaileek, Bergara Kirol Elkartekoek oso modu positiboan baloratu dute zapatuko topaketa: “Beldur ginen eguraldi txarra emanda zegoelako, baina azkenean eguraldia ere lagun izan genuen eta ia 70 bat neska etorri ziren”, kontatu du Eneko Arrona Bergara Kirol Elkarteko zuzendariak.

Bereziki pozik daude 2013ko neska ugari izan zirelako. Azken batean, ekimenaren helburua zen neska gehiago animatzea futbol eskoletara: “Nesken futbolak indar apur bat galdu du azken urteotan, futbol eskolak datu pobreak utzi ditu. Realari laguntza eskatu genion bultzada emateko, uste baitugu oso inportantea dela neskei euren espazio propioa ematea, izan ere, helburua da neskak gustura ibiltzea futbolean”, gaineratu du Arronak. 

Futbol eskolak

Zapatuko jarduna goizean goiz hasi zen. Topaketaren gidari izan ziren Gorka Alvarez, Aintzane Ruesgas eta Jose Diaz Realeko teknikariak eta Eneko Arrona Realeko teknikaria eta Bergarako Kirol Elkarteko kirol zuzendaria. Entrenamendua, partida, zozketak eta hamaiketakoa, denetik izan zuten. 

Eguna borobildu zuten, bada, orain ea helburua ere lortzen duten, eta “ea animatzen diren futbol eskolara hurrengo urtean”, esan du Bergarako Kirol Elkarteko zuzendariak. Gaineratutakoaren arabera, irailean zabalduko dute izen-ematea Bergaran. Baita Soraluzen ere.