Egoitzen finantzazio ia osoa publikoa izan arren, egoitzen bi herenek irabazteko asmoa dutela salatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 15a, 09:41
Egoitzetako hainbat langile manifestazioan, atzo, Donostian. Argazkiak: Naiara Martin.

Atzo, Donostian, “lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredua” eskatu zuten manifestazioan izan ziren egoitzetako langileek, “pribatizazioa eta negozioa oinarri” duen eredua baztertuz. Soraluzeko ordezkaritza ere izan zen protesta ekimenean.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak ere babestu zuen atzoko manifestazioa. Hark salatu zuen egoitzetako gaur egungo eredua “bidegabea” dela, izan ere, finantziazioaren % 90 publikoa izan arren, egoitzen bi herenek irabazteko asmoa dute. 

Gainera, manifestazioan salatu zuten langileek lan-karga jasanezinak dituztela, egunean ordu eta erdiko arreta baino ez baitute egoiliar bakoitzeko. "Eredu hori ez da bideragarria. Lan baldintza prekarioekin zerbitzu prekarioa baino ezin da eskaini-eta".

Lan-baldintzak eta arreta zerbitzua hobetzea

ELAko idazkari nagusiak erantzukizuna bere gain hartzeko eta negoziatzera eser dadin eskatu zion berriro Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiari: "Olano, eseri ELAren proposamena entzutera, irtenbide bat dugulako, pandemia honetan bizi izan dugunaren ondoren bi gauza zor dizkiguzulako: langileen lan-baldintzak hobetzea eta gure adinekoentzako arreta-zerbitzua hobetzea. Egoitza-eredu gizatiarragoa, publikoa eta zaintzan oinarrituagoa dago jokoan”.