Egoitzako langileek ere bat egin dute grebarekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 14a, 09:27

Egoitzako langileen greba iragartzen duen pankarta, Plaza Berrian.

Gaur, astelehena, greban dihardute Gipuzkoako egoitzetako langile ugarik, tartean Soraluzekoek. ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako Foru Aldundia interpelatu dute zuzenean, Gipuzkoako egoitzetako gatazkaren konponbidea erakundeak duelakoan. Lanuzteaz gain, mobilizazioak ere egingo dituzte, Donostian.

Soraluzeko egoitzako hainbat langile Donostiarako bidean doaz, bertan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Izan ere, Mesedeetako egoitzako langile askok ere babestu du gaurko deituta dagoen greba eguna.

ELA sindikatuak gogora ekarri duenez, bi urte daramatzate Diputazioari biltzeko eskatzen eta langileek oraindik ez dute erantzunik jaso. “Ulertezina da demokrazia batean erakundeetako ordezkariek biltzeko eskubidea ukatzea gatazkan dauden langileei”, salatu dute.  

"Borrokan jarraituko dugu"

Horri, pandemian izan duten egoera gehituta, honako irakurketa egin du sindikatuak: "Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen eta hori egin izanaren ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta balioa galtzea da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela eta hura aurrera ateratzeko gure mende daudela, langileon mende. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte eredu hura iraunarazi ahal izateko. Gu, pertsona ahulenen bizitza eta heriotza zaintzen dugunok, kudeatzen dutenek abandonatuta gaude. Baina argi daukagu: guk borrokan jarraituko dugu, %100eko gutxieneko zerbitzuak gorabehera, patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dutela, gobernariek funts putreak babestu eta negozioz hornitzen dituztela... "

Gaineratu dute guztira, 250 egun daramatzatela greba eta berretsi dute borrokan segitzeko asmoa dutela, honako helburua lortu arte: “Sektore honetan bizitza zaintzen duten langileak duintzea eta baloratzea eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.