Berritasunekin dator eskola kirola

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 10a, 12:14

Hainbat ume eskola kirolean. Argazkia: artxiboa.

Dagoeneko bidali dute 2021-2022. ikasturtean eskola kirolean matrikulatzeko deialdia. Ekainaren 15a da azken eguna. Hasi, berriz, urrian hasiko da, betiko moduan. Hori bai, datorren ikasturtean berritasun dezente izango ditu eskola kirolak. Adibidez, zapatuetako partidak berreskuratu eta herrian bertan egingo dituzte, hainbat zapatutan jardunaldi bereziak izango dira eta besteak beste, hockeya ere sartu dute kirol eskaintzen artean.

Ikasturte berrian, aldaketekin dator eskola kirola. Nabarmenena da, pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, datorren urtean atzera ere berreskuratuko direla zapatuetako kirol jardunaldiak. Baina jardunaldi horiek ez dira orain arteko modukoak izango. Hor ere berritasunak daude. Izan ere, datorren ikasturtean, proba modura, zapatuetako jardunaldi guztiak herrian egingo dituzte. 

Zapatuetako jardunaldiak herrian

Arrasateko Athlon kooperatiba arduratuko da eskola kirolaren antolaketaz eta koordinazioaz Soraluzen. Kooperatibako Susana Santor koordinatzaileak esplikatu duenez, “kirol bat osotasunean ezagutzeko partiduaren bizipena beharrezkoa” da eta horregatik erabaki dute, eragozpenik ez bada, zapatuetako jardunaldiak berreskuratzea. 

Hori bai, Santorrek gaineratu du  “momentuz” ez dagoela asmorik “kanpora joateko zapatutako jardunaldiak egiteko. “Herritarrak eta familiak horren aldeko dira eta partaidetzan jaitsiera ikusten zen. Ea herrian eginda indarra hartzen duten”, esan du. Horrekin batera, Athloneko adituak esplikatu du ohiko partidez gainera, zapatuetan jolasak edo beste mota bateko jarduerak ere egingo dituztela. “Lehiakortasuna bakarrik bultzatu barik”. 

Hain zuzen, LH 1-2. mailakoek jolasetan oinarritutako lau topaketa izango dituzte ikasturte osoan. LH 3. mailatik 6. mailara bitartekoek, berriz, 14-15 jardunaldi izango dituzte zapatuetan. Batzuk izango dira partidak, beste batzuk jolasak eta beste batzuk topaketak.

Ekintza bereziak

Halaber, iragarri dute ekintza horiez gainera, hainbat zapatutan eta ekainean, ekintza bereziak ere egingo dituztela: espeleologia, abentura parkea, surfa, padel surfa, izotz-pistara joatea, patinajea, esgrima, parkourra… Hori guztia,  adin tarte guztietako umeei zuzenduta.  Eta iragarri dute, baita ere, goi mailako kirol elkarteekin ekintza bereziak egiteko asmoa dutela, adibidez, Realaren partidak ikustera joateko sarrerak zozkatuko dituzte. 

Zapatuetako berritasunez gainera, kirol eskaintzetan ere badago berritasuna, 2021-2022. ikasturtean, hockeya ere integratuta izango baita eskola kirolaren programa barruan. “Herrian elkartea dago eta umeen zaletasuna sustatzen laguntzeko integratu dugu kirol jarduera hori, herrian bertan dauden elkarteetako kirolak ere sustatu nahi baititugu”, esan du Santorrek. 

Bestalde, gogora ekarri dute, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako arauaren arabera, eskola kirolean parte hartzen duten LHko 3 mailatik. 6. mailara bitarteko ikasleek izango dutela kirol elkarteek antolatzen dituzten ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera, futbol eskolan, adibidez.

Mahai teknikoa

Azkenik, eskola kirolak izango duen beste nobedadeetako bat da mahai teknikoa eratu dutela hura kudeatzeko. Ikastetxe biek, guraso elkarteek, udal teknikariak eta Athlon kooperatibak elkarlanean jardungo dute mahai tekniko horretan. “Koordinatzailea egongo da eta ekintzak antolatzeko ardura izango du, mahai teknikoaren oniritziarekin. Saioak jarraituko ditu, begiraleak aukeratu, taldeak kudeatu, izen-ematea… Kudeaketa guztiaren ardura, Anje Eskarzak izango du”, esplikatu du Athloneko langileak.

“Erronka polita iruditzen zaigu Soraluzen dagoen eskola kirolaren parte-harzea indartzea. Saiatuko gara ahalik eta eskaintza motibagarriena prestatzen eta espero dugu ikasleei gustatzea eta eskola kirolak dituen onurak ezagututa espero dugu gurasoak ere animatzea seme-alabak eskola kirolean apuntatzera”, bukatu du kirol adituak.

Izen-ematea orain

Gogoan izan, ekainaren 15a baino lehen eman behar dela umearen izena eskola kirolean apuntatzeko. Internetez egin daiteke, HEMEN klikatuta. Interneteko konexiorik izan ezean, berriz, telefonoz egin daiteke: 663 03 59 47.

85 euroko kuota ordaindu behar da (irailean kobratuko dute banketxeetan). Dena den, badago kuota murrizteko aukera, horretarako informazioa honako telefono zenbakian eskura daiteke, 943 75 24 66, edo bestela kiroldegian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.