Gaur, final-laurdeneko partida jokatuko dute soraluzetarrek

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 10a, 09:01
Manex Balerdi eta Ander Murua pilotariak Espainiako txapelketa irabazi berritan.

Gaur eguena, Udaberri Txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko dute Soraluzeko Pilota Elkarteko Murua eta Balerdi pilotariek Azkoitiko Juaristi eta Juaristiren kontra. Partida etxean da, Arane kiroldegian. Edozelan ere, kirol jarduera izanda, oraindik ez dute ikuslerik bertaratzen lagatzen.

Eskuz Binakako Udaberri Txapelketa azken faseetara ailegatzen ari da. Eta maila horretan dago Soraluzeko Pilota Elkartea. Gaur, klubeko pilotari Ander Muruak eta Manex Balerdik final-laurdeneko partida jokatuko dute Azkoitiko Juaristi eta Juaristi bikotearen kontra. 

20:00etan hasiko da norgehiagoka, kiroldegiko frontoian. Baina pilotariek ikusle barik jokatu beharko dute, bitxia badirudi ere, kultura ikuskizunetan ez bezala, kirol jardueretara oraindik ezin baita ikuslerik bertaratu, pandemiari aurre egiteko Jaurlaritzak ezarritako neurrien ondorioz. Kontuak kontu, horixe, finalerdirako pasea dute jokoan soraluzetarrek.

Bestalde, Herriarteko txapelketan kanporatuta geratu dira soraluzetarrak. Joan den asteburuko partidak 2-1 galdu zituzten. Beraz, emaitza, guztira, 4-2koa izan da, azkoitiarren alde. Haiek pasatu dira finalerdietara. 

Honako emaitzak izan zituzten joan den asteburuan:

  • Banakakoan, Asier Fernandezek 20-9 galdu zuen.
  • Eskuz binakakoan, Santamariak eta Rasconek 20-9 irabazi zuten.
  • Azkenik, zazpiaren barruan, Aitor Atxotegi 20-6 galdu zuen.