“Pandemiak sortutako osasun, gizarte eta ekonomia krisi larriak dena baldintzatu du”

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 9a, 10:29
Patricia Borinaga Zubi Nagusian. Argazkia: PSE-EE.

Patricia Borinagak, Soraluzeko PSE-EEren izenean, legegintzaldi erdiaren balorazioa egin du. Oro har, azpimarratu du, zailtasunak zailtasun, Udal jarduna ez dela “gelditu” eta Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten bi zinegotzi sozialistek (Patricia Borinagak eta Iñaki Rubiok) lanean jarraitu dutela "Soraluzeko bizi-kalitatea hobetzea helburu duten ekimenak eta jarduerak ezartzeko eta bultzatzeko".

Soraluzeko PSE-EEk alderdiak Udalean kudeatzen dituen batzordeetan egindako lanaren balorazioa egin du Patricia Borinaga gobernukideak, azken legegintzaldi hau hasi zenetik bi urte pasatu direnean. Bestela esanda, Osasuna, Gizarte Ongizatea eta Immigrazioa, Haurrak eta Gazteak, Parekidetasuna eta Hirigintza, Obrak eta Herriko Mantentze Lanak batzordeetako jardunaren balorazioa egin du.  

Boluntariotza Sarea, zoladura lanak, Ezozibideko parkea…

Oro har, Borinagak gogora ekarri du pandemiak eta hark eragindako osasun-krisiak Udal kudeaketa zaildu egin duela. Hala ere, modu positiboan baloratu du bitarte horretan udal jarduna eten ez izana eta horren adibideak eman ditu.

  • Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio batzordeak, konfinamenduan zehar, Udal Boluntariotza Sarea jarri zuen martxan, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, adinekoei eta/edo mendekoei etxean laguntzeko ekintzak egiteko. Gainera, Soraluzeko saltokietan erabiltzeko krisiari aurre egiteko bonuak eman zituzten.
  • Hirigintza batzordetik asfaltatzea hobetzeko eta zuloak kentzeko lanak egin ditu errepidean eta Mendiola industrialdean. Era berean, hondatutako hainbat hiri-altzari publiko ordeztu eta konpondu dira eta autobus-geltokiaren eta Estaziño kaleko haur-parkearen artean dagoen oinezkoentzako pasabidea egin dute, irisgarritasuna hobetzeko.
  • Haur eta Gazte sailean egindakoarekin, berriz, “pozik” azaldu da zinegotzi sozialista, bere esanetan, herriko “belaunaldi berrietan pentsatzea lehentasunezkoa” baita. Horrekin batera, honako jarduerak nabarmendu ditu, besteak beste: Arrizabaletako (Ezozibidea) eta Errekaldeko haur-parkeen berrikuntza integrala; 2020ko udalekuen antolaketa, segurtasun- eta higiene-protokolo bereziekin; lantaldea eratzea udalerrian dagoen aisialdiko eskaintza aztertu eta berrikusteko; Ludoteka eta Gazteleku online zerbitzuak eskaintzea konfinamenduan… .
  • Horrekin batera, 2019an Esperientziaren Gela martxan jarri izana ere azpimarratu du, esanez, 2021ean berrekingo diola jarduerari. Eta Itxaropenako taberna deialdi “erakargarriagoa” eginez lizitatu izana ere ekarri du gogora.

"Aktiboki inplikatu"

Azkenik, Borinagak azaldu duen bezala, bi zinegotzi sozialistak “aktiboki” inplikatu dira Udalerriarentzat "beharrezkoak" diren proiektuetan ere: kiroldegia handitzean, Sologoengo zentralaren azpiegiturak hobetzen, SAPAren zati bat birgaitzeko proiektuan; lantalde bat eratzen udalerrian dagoen aisialdiko eskaintza aztertu eta berrikusteko; Ludotekan eta Gaztelekuan, konfinamenduan zehar, online zerbitzuak eskaintzen eta beste.

Horren guztiaren berri emateko liburuxka bat banatuko dute etxez etxe, gaurtik.