Trinketean, lehen mailan

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 3a, 12:09
Aitor Atxotegi eta Ander Murua, joan den asteburuan, Irurako frontoian. Argazkia: Aitor Atxotegti.

Gipuzkoako Trinkete Txapelketan, lehen mailan jokatuko dute herriko pilotariek datorren denboraldian, izan ere, mailaz igotzeko promozioko partida irabazi egin zuten. Asteburu honetan, berriz, herriarteko txapelketako bueltako partidak jokatuko dituzte Arane kiroldegiko frontoian. Markagailua kontrara dutela jokatuko dute soraluzetarrek.

Joan den domekan, trinketean lehen mailara igotzeko promozio partida 40-34 irabazi zuten Aitor Atxotegik eta Ander Muruak Usurbilgo Huiziren eta Urruzolaren kontra. Pozik dago Atxotegi emaitzarekin: “Trinketean jokatzen dugun lehen urtean, trinketean azpi-txapeldun izatea eta lehen mailara igotzeko txartela lortzea… ba gustura, egia esan”. 

Herriartekoan, berriz, asteburu honetan, kontrako markagailuari egin beharko diote aurre herriko pilotariek. Joan den zapatuan jokatu zuten herriartekoa Azkoitiaren kontra; lehen partida galdu egin zuen Fernandezek, 20-5. Binakakoa, berriz, irabazi egin zuten Santamariak eta Rasconek 20-7 eta zazpiaren barruan 20-13 galdu zuen Atxotegik.

Bestela esanda, hiru partidatik bi galdu egin zituzten soraluzetarrek. Domekan, 10:00etan jokatuko dituzte bueltako partidak Azkoitiren kontra, Arane kiroldegian.