Ordezkari politiko guztiek erakutsi zuten desadostasuna banketxeen funtzionamenduarekiko

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 3a, 10:35

Banketxeei zuzendutako mozioa onartu ondoren, udalbatza osatzen duten hiru alderdietako ordezkariek bat egin zuten banketxeen oraingo funtzionamendua salatzerakoan. EH Bildutik azpimarratu zuten mozioaren bitartez jakinarazi nahi zaiela “ez ditugula aldaketak onartzen”; EAJtik gogora ekarri zuten BBVA, adibidez, erabat itxita dagoela eta PSE-EEtik salatu zuten banketxeek ez dutela “krisia sentitu beste sektore ekonomiko batzuk moduan”.

Mozioa onartu ondoren, alderdi politikoetako ordezkariek hartu zuten hitza, gaiari buruz duten iritzia plazaratzeko.

EH Bilduren izenean, Unai Larreategik eskerrak eman zien Itxaropenako zuzendaritzako kideei gaia mahai-gaineratzearren. Oposizioko bozeramaileak salatu zuen banketxeak hartzen ari diren neurri guztiak direla “irabazi handiak mantentzeko”. Salatu zuen, baita ere, “komisioak igotzeak asko eragiten” diola “diruz estu dabilenari”. 

Horrekin batera, Aurrezki Kutxek zuten filosofia gogora ekarri zuen Larreategik: “Gaur egun hartzen ari diren norabidearekin alderatuta desastre bat da”. Eta onartu zuen gaiak “konponbide politikoa” izan behar duenez, atzo onartutako mozioak balio lezakeela azpimarratzeko “ez ditugula aldaketak onartzen”. 

EAJ-PNVren izenean, berriz, Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri zuen BBVAk, adibidez, itxita duela Soraluzeko bulegoa eta kutxazain zerbitzua lagako zutela esan zuten arren, gero hori ere ez zutela egin. Halaber, berretsi zuen banketxeei akordioa helaraziko zaiela eta baita EUDELi ere. 

Azkenik, PSE-EEren izenean Patricia Borinagak bat egin zuen adinekoentzat tramiteak online edo kutxazain bidez egitea zailagoa dela dioen baieztapenarekin. Gaineratu zuen entitate finantzarioek ez dutela “krisia sentitu beste sektore ekonomiko batzuk moduan”. Hori bai, adierazi zuen “eman beharreko pausoa beste instantzia batzuetan” eman behar dela.  

Erantzunik ez

Gaiaren harira, osokora bertaratu ziren pentsiodunen mugimenduko kideek jakinarazi zuten apirilaren amaieran eurek ere aurkeztu zutela gutun bana banketxeetako sukurtsaletan eskari berberak eginez eta salatu zuten oraindik ez dutela inolako erantzunik jaso.