Banketxeek zerbitzu egokia eman dezatela eskatuko du Udalak

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 3a, 09:55

Udal ordezkariek aho batez onartu zuten proposamena.

Atzo, eguaztena, udalbatzarrak aho batez onartu zuen Itxaropena elkarteak banketxeei buruz aurkeztutako mozioa. Hori horrela, Udalak honako hiru eskariak egingo dizkie banketxeei: zerbitzu egokia eskaintzeko baliabideak jar ditzatela, LGSa 950 eurotik behera kobratzen dutenei komisiorik ez kobratzea eta eskaintzen dituzten produktuen gaineko informazio egokia ematea. Salatu zuten banketxeek ez dutela galerarik izan, baizik eta lehen baino gutxiago irabazi dutela, besterik ez. 

Atzo aurkeztutako mozioan, Itxaropena Nagusien Elkarteak salatu zuen banketxeek ez dutela galerarik izan, eurek dioten moduan, baizik eta aurreko urteetan baino gutxiago irabazi dutela. Zehazki, “15.140 milioi euro irabazi beharrean, “soilik” 12.250 milioi euro irabazi zituzten”.

Arreta-ordutegia murriztu

“Etekin handiak nahi dituztenez, sukurtsalak ixten dituzte, langileak kaleratu eta jendaurreko arreta-ordutegia murriztu, enpresetan eta dirua daukan jendearengan zentratzeko (…) Lehen leihatilan egiten ziren gestio asko orain ordenagailuz edo kutxazain automatikoan egin behar dira”.

Aldiz, mozioan azpimarratu zuten moduan, “pertsona nagusiak, batez ere, ez dira gai makinen hizkuntzari aurre egiteko ulertzen lagunduko dien pertsona baten laguntzarik gabe”.

"Tratu txarra"

Horregatik guztiagatik, uste dute banketxeek “tratu txarra” eragiten diela herritar askori eta Udala interpelatu zuten egoera onbideratu dezan: “Udal batek ezin du onartu bere herritar askok tratu txarrak jasotzea banketxeen aldetik, haren diruarekin etekin izugarriak lortu eta nagusien ekonomia arriskuan jarri ondoren, produktu toxikoak iruzurrezko publizitatearekin salduta (…) Alderantziko hipotekak, nagusientzako errenta, errenta bermatua… Denak premia gehien dutenen lepotik aberasteko sortutako produktuak”. 

Halaber, gogora ekarri zuten banketxeek “64.000 milioi euro zor” dizkigutela “Estatuko herritar guztioi, bankuen erreskateagatik”. 

Eskariak

Hori horrela, hiru eskari zehatz proposatu eta Soraluzeko Udalak haien berri banketxeei zein EUDELi emateko eskatu zuten mozioan. Udalbatzarrak aho batez onartu zuen guztia. Honako eskariak, alegia:

1- Finantza-entitateei eskatzen die baliabideak jartzeko, bulego-ordutegi osoan zehar zerbitzu egokia eskaini dezaten, erabiltzaileen beharrei erantzunez. Bereziki, nagusien beharrei erantzuteko, askok eta askok ezin dituztelako gestioak online egin eta egoera penagarriak jasan behar dituztelako banketxeetara joaten direnean.

2- Soraluzeko Udalak eskatzea mantentze komisioak ez kobratzeko hileko LGSaren (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) azpitik (954 euro) dauden pentsiodunei eta kalitatezko zerbitzu espezializatuak eskaintzen zentratzeko, hala erabiltzaileen premia ezberdinei aurre egin eta erabiltzaile bakoitzari erantzun bat emate aldera.

3- Soraluzeko Udalak eskatzen die banketxeei eskaintzen dituzten zerbitzuen eta produktuen gaineko informazio egokia, legezkoa eta gardena emateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.