Kontsolidazioaren alde

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 1a, 17:39
Hainbat udal langile eguerdiko elkarretaratzean, Kontzejupean.

Gaur eguerdian, elkarretaratzea egin dute hainbat udal langilek. Enplegu publikoa sortzea eta behin-behineko langileen kontsolidazioa eskatu dituzte. Udaleko, Gizarte Ongizate Saileko eta etxez etxeko hainbat langilek babestu dute protesta ekimena. Asteburuan manifestazioak egingo dituzte.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek deituta egin dute gaurko protesta. Eta gehiago iragarri dituzte. Zapatu honetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazio bana egingo dituzte, 11:30ean abiatuta.

Pribatizaziorantz

Protesten bitartez, salatu nahi dute "behin-behinekotasun maila handiena" dagoela hemengo sektore publikoan, "%40tik gorakoa eremu guztietan". Uste dute "zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek, azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pausu gisa soilik uler" daitezkela. Eta orohar, agintari publikoek "zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen" dituztela.