Soraluze ere zeharkatuko du Sarek antolatutako bizikleta martxak, domekan

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 28a, 18:43
'Ibilian ibilian, etxerako bidean' kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Sare.

Domekan, Oñatitik abiatuko da Ibilian ibilian, etxerako bidean kanpainaren baitako bizikleta martxa. 10:00etan irtengo da Foruen Plazatik eta 11:00etan Bergarako plazan egingo du geldialdia. Ondoren pasatuko da Soraluzetik, Elgoibarrerako bidean. Zain izango ditu soraluzetarrak, 12:00etan eta herri barrutik pasatuko da euskal presoen aldeko martxa.

 

Domekan abiaraziko du Sarek udako kanpaina, Debagoiena eta Debabarrena lotuko dituen bizikleta martxarekin. Preso gaixoen eta adinduen eskubideak aldarrikatuko dituzte, Oñatitik Elgoibarrera bitarteko ibilbidea eginez.

Bizikleta martxa,12:00etan ailegatuko da Soraluzera. Herri barrutik sartu, zubira egin, handik plazara, Gabolatsera, Ezozi bidera eta Mendiolarako bidea egingo du, herri guztia zeharkatuz.

Antolatzaileen aurreikuspena da 12:15ean Maltzara iristea, han, geldialditxoa egitea, zirkulazioa arintzeko eta 12:45ean Elgoibarrerako bidea hartzea. 13:00etan amaituko dute ekimena, Kalebarren plazan egingo duten ekitaldiarekin.  

Gaixo larriak eta adinduak

Sarek gogora ekarri du Debarrokoak direla Gotzon Telleria eta Joseba Arregi preso oñatiarrak eta Sebas Etxaniz, Soraluzen bizi den preso elgoibartarra. Euskal presoen aldeko mugimenduak esan duenez, Telleriak gaixotasun larria du, baita Etxanizek ere. Horrez aparte, 75 urte ditu Arregik eta 78, berriz, Etxanizek.