“Behin ezkondu nuen bikote bat astelehen bateko 08:00etan”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 29a, 09:01
Margarita Ibargoien Elgeta.

Justizia-Administrazioaren ordezkaria da Bake Epailea. Soraluzen, Margarita Ibargoien Elgetak (Soraluze, 1958) bete du kargua 1999tik. Orain, beste lau urterako berrituko du, apirileko osoko bilkuran udalbatzarrak aho batez onartu zuelako. 

Pozik? Bai.

Zergatik Bake Epaile horrenbeste urtean? Gustatzen zaidalako, libre nagoelako eta Soraluzen bizi naizelako. Lanean bazaude, ia ezinezkoa da. Bestalde, jende asko ezagutzen dut eta horrek asko errazten du lana. Ez da denbora luzez lan egin behar, baina libre egon behar zara. Adibidez, hil hasieran, 09:00etan bikote bat ezkondu nuen, martitzen baten. Lantegi batean bazabiltza, pentsa ezazu…
Zeintzuk dira Bake Epaile baten zereginak? Gehienbat Erregistro Zibilean jaiotzen, ezkontzen eta hildakoen erregistroak sinatzea, baita nota gehigarriak ere. Adibidez, norbait dibortziatzen bada, edo abizenak aldatzen direnean… Horiek Erregistroko nota marjinaletan jasotzen dira eta sinatu egin behar dira. 

Baina ezkondu, ezkontzen duzu, ala? 
Buf! Kontatzen hasi naiz eta 1999tik 80 bikote baino gehiago ezkondu ditut. Eta dibortziatu badira, ondoan ipintzen dut.

Zenbatek jarraitzen dute ezkonduta? Gehienek. Gainera, ezkontzen ditudanean, konfiantza dutenekin esaten diet: senar-emazte deklaratzen zaituztet, eta betiko, eh?

Zereginen artean gustukoena? Denak. Txarrenak kontziliazio aktoak dira. Eztabaida edo desadostasun kasuak dira. Bizilagunenak edo enpresenak. Adostasuna badago ondo, bestela auzitegietara jo behar da. Hori zailagoa da. Gainera, plazentziatarrak denak ezagunak izatean…

Tokatu zaizu halakoren bat? Adibidez? Bai. Ba loreak ureztatzean beheko bizilagunaren arropak bustitzeagatik, adibidez. Edo telefono konpainia bat herritar baten kontra, herritarrak ez duelako faktura ordaindu…
Jendeak badaki udaletxera joan daitekeela halakoekin? Bai, jendeak asko daki. Enpresak ere etortzen dira batzuetan.

Bake Epaile bazara, Bake Epaile zereginetatik ezin zara sekula libratu? Bai. Behin tokatu zitzaidan nik ezkontza bat izatea herrian beste bikote bat ezkondu behar nuenean eta alkateak ezkondu zuen hemengoa. Baina normalena izaten da ezkontzak zapatuetan-eta izatea eta Bake Epaile bazara libre egon behar duzu. Adibidez, beste behin, bikote bat ezkondu nuen astelehen bateko 08:00etan. 


Gertatu zaizu anekdotaren bat? Egin ditut ezkontzak por poderes. Adibidez, soraluzetar batek Peruko batekin ezkondu nahi du, baina Peruren eta Espainiaren artean akordiorik ez bada, ez dute lagatzen. Hortaz, bata ezkondu behar da han (Perun) bikote ordezko batekin eta bestea hemen beste ordezko batekin. Eta in articulo mortis ere ezkondu dut: norbait hiltzear badago edo hiltzeko arriskua badu, ahalik eta lasterren ezkontzea. Homosexualak ere ezkondu ditut, neskak zein mutilak. Bestalde, jendeak galdetzen dit zein den hurrengo ezkontza. Nik ezin dut esan. Baina guztiak egoten dira publikatuta Kontzejupean eta jendea hara joaten da begiratzera. Bestalde, gogoan dut nire lehen sinadura. Kontzejupeko bulego txikian izan zen, lehen liburutegia zegoen lekuan. 

Dibortzioak ematen dituzu? Ez. Hor notarioek-eta parte hartzen dute.

Baduzu lanerako egutegirik? Erregistroa zabaltzen da astelehenetan, ostegunetan eta ostiraletan. Egun horietan joaten naiz. 

Bake Epaileak asko irabazten du? Herriko biztanle kopuruaren arabera ordaintzen dute, hiruhileko sinboliko bat. Urtean lau aldiz. Ez da deklarazioan sartzen. Orain, postua irten denean, adibidez, aurkezteko asmoa zuten hainbatek atzera egin dute kopuruaren eta baldintzen berri izatean. 

Bake Epaile izateaz gain, Caritasen ere bazaude. Zer egiten duzue? Orain urtebete, ia ezer. Itxita dago, pandemiarengatik. Orain Eibarrera bidaltzen ditugu eta han ematen zaie arreta. Hemendik informazioa ematen diegu.