Eskuz binakakoan eta herriartekoan hurrengo faseetara

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 27a, 09:30

Soraluzeko PIlota Elkarteko jokalariek emaitza onak eskuratu zituzten joan den asteburuko partiduetan. Horri esker, eskuz binakako txapelketan, ligaxkako lehen postua ziurtatu zuten eta Herriartekoan, berriz, final-laurdenetara pasatzea lortu dute. Bestalde, domekan, Gipuzkoako Trinkete Txapelketako igoera fasea jokatuko dute. 

Eskuz binaka lehen mailan, Muruak eta Borinagak 22-15 irabazi zieten Hernaniko Urkizu eta Labaka bikoteari. Horri esker, soraluzetarrek ziurtatuta dute ligaxkan lehen postua eta beraz, kanporaketak jokatzeko sailkatu dira. Bihar, barikua, Lazkaon dute hitzordua, ligaxkako azken partida jokatzeko. Horren ondoren hasiko dira kanporaketak jokatzen.

Tanteo hobea

Herriartekoa, berriz, joan den asteburuan jokatutako hiru partidetatik bi galdu egin zituzten, Hernaniren kontra: buruz burukoa 20-10 irabazi Atxotegik; binaka Rasconek eta Herizek 20-14 galdu zuten eta zazpiaren barruan Santamariak 20-17 galdu zuen.  

Guztira, sei partida jokatu dituzte Herriartekoan, joanekoak eta etorrikoak. Eta hiruna berdindu zuten, baina soraluzetarrek tanteo hobea izan zuten eta horri esker final-laurdenetara pasatu ziren soraluzetarrak. Hori horrela, etzi, zapatua, 16:30ean Azkoitiaren kontra jokatzen dute. Fernandezek banakakoa, binakakoa Santamariak eta Rasconek eta zazpiaren barruan Atxotegik.

Igoera fasea

Azkenik, domekan trinketeko lehen mailara igotzeko partida jokatuko dute soraluzetarrek, Gipuzkoako Trinkete Txapelketaren baitan. Iruran dute hitzordua. 10:30ean hasiko dira pilota partidak eta bigarren partida jokatuko dute soraluzetarrek, Huizi-Urruzola Usurbileko bikotearen kontra.