Eguenean, pentsioen aldeko bizikleta martxa

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 25a, 09:36
Atzo, astelehena, Plaza Zaharrean egin zuten elkarretaratzea.

Atzo, bizikleta martxa, emakumeen kontrako biolentzia eta Toledoko Ituna hizpide izan zituzten pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Besteak beste, gogora ekarri zuten aste honetako eguenean, Soraluze zeharkatuko duela pentsio publikoen aldeko bizikleta martxak. 09:15ean egin dute hari harrera egiteko hitzordua, Plaza Berrian. Bestalde, gogora ekarri zuten zapatuan mobilizazioak egingo dituztela, besteak beste, Eibarren. 

Bergaratik etorri eta Olako zubitik sartuko da pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea. Santa Ana kalera jo eta handik Plaza Berrira segituko du. Plazan, 09:15ean, zain izango dituzte Soraluzeko pentsiodunen mugimenduko kideak, txalaparta lagun. 

Besteak beste, aurreskua eskainiko diote bizikleta martxari eta haren ondoren Plaza Zaharra pasatu arte lagunduko diote Soraluzeko pentsiodunek. Halaxe jakinarazi zuten atzoko elkarretaratzean eta deialdia egin zieten herritarrei martxari harrera ekitaldian parte hartzeko.

Astebetean, 6 emakume hil

Bizikleta martxaz aparte, biolentzia matxistari buruz ere egin zuten berba. Izan ere, joan den astean, 6 emakume hil zituzten haien senarrek edo gizonek. Maiatzaren 28an izango den Emakumeen Osasunerako Ekintzaren Nazioarteko Eguna dela-eta mahai-gaineratu zuten gaia. 

Gogora ekarri zuten, aurten, 28 hilketa matxista izan direla Estatuan. “Zenbat ebidentzia gehiago eman behar ditugu ezberdintasuna, rolak eta genero-arauak emakumeon osasunerako kaltegarriak direla frogatzeko?” galdegin zuten.

1.072 euroko superabita Jaurlaritzan

Halaber, bestelakoen artean, salatu zuten Eusko Jaurlaritzak “2020rako aurrekontuaren 454 milioi euro ez gastatzeaz gain, urtearen amaieran 1.072 milioi euroko altxortegiko superabita ere bazeukala, osasun, pentsio eta gizarte premien murrizketak lehengoratzeko erabil beharko zukeena”.

Manifestazioak, zapatuan

Azkenik, elkarretaratzean gogora ekarri zuten zapatuan, maiatzaren 29an, Toledoko Itunaren kontrako eta pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak izango direla, besteak beste, Donostian eta Debabarrenekoendako, baita Eibarren ere. 12:00etan abiatuko da, Untzaga plazatik.