Sinatu dute 29 etxebizitza sozial eraikitzeko akordioa

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 24a, 15:36
Iker Aldazabal eta Iñaki Arriola, hitzarmena sinatu ondoren.

Gaur goizean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriola Soraluzen izan da, herrian babes sozialeko 29 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatzen. Iker Aldazabal alkateak eta sailburuak sinatu dute akordioa. Hari esker, Eusko Jaurlaritzak 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Pascual Churruca lantegia bota eta bertan etxebizitzak eraikitzeko.

Udaletxeko areto nagusian egin dute sinadura ekitaldia. Iker Aldazabal alkatearekin batera, bertan izan dira, besteak beste, Patricia Borinaga udal ordezkari sozialista eta Abel Olaizola udal ordezkari jeltzalea. 

Alkateak, Sailburuari eskerrak eman ondoren, azpimarratu du gaurkoa “egun pozgarria” dela Soraluzerendako, “2006tik, Soraluzen ez baita etxebizitza sozialik eraiki. Hitzarmen horrek, batetik, zaharkituta dagoen gune bat birgaitzeko aukera emango du eta bestetik, soraluzetarren eskariari bide emango dio”. 

3,5 Milioiko inbertsioa

Aldazabalek esan du “2018an hasitako proiektua martxan” jarriko dutela. Gogora ekarri du, 2018an, Soraluzeko Udalak Pascual Churruca lantegia eta haren ondoko orubea bereganatu zituela 404 euroan, enkante publikoan. “Azken urte hauetan, Iñakik zuzentzen duen departamentuarekin elkarlanean, alokairu sozialeko 29 etxebizitza eraikitzeko promozioa landu da, gaurko hitzarmenari esker abiaraziko dena. Gogora ekarri beharra dago, 2006tik ez dela etxebizitza sozialik eraiki Soraluzen eta herri mailan dagoen eskaerari bide emango zaio”. 

Iñaki Arriola sailburuak, berriz, azpimarratu du Euskadiko Etxebizitza Legearen helburua dela pertsona guztiei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak ematea, batez ere baliabiderik ez dutenei. 

Testuinguru horretan, garrantzia eman dio gaur sinatu duten hitzarmenari. “Mugarri inportantea da,  azken 15 urteotan Soraluzen egin den halako lehen esku-hartzea izango baita. Sailak 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo du, etxebizitza horiek eraikitzeko (…) Euskal Autonomia Erkidegoko udalekiko lankidetza funtsezkoa da autonomia-erkidegoan etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzea bultzatzeko beharrari erantzungo dion alokatzeko etxebizitza publikoa eraikitzeko eta Soraluze horren adibide bikaina da”.

Alokabidek kudeatuko ditu

Eusko Jaurlaritzak eta Soraluzeko Udalak sinatu duten hitzarmen horren bitartez, Udalak lantegiaren orubea Jaurlaritzari eman egin dio, bertan, 29 etxebizitza eraikitzeko, 2.600 metro karratuko partzelan. Etxebizitza sailburuak emandako xehetasunen arabera, etxebizitza horiek Alokabidek kudeatuko ditu. Etxe berrien behe-barruak, berriz, Soraluzeko Udalak erabiltzeko izango dira. Horrez aparte, Olaldeko eremua birgaitzeko eta bertako etxe jabeak realojatzeko Pascual Churrucako etxebizitzetako lau Udalaren esku geratuko dira.

Halaber, Sailburuak jakinarazi du, gaur gaurkoz, Alokabidek 47 etxebizitza kudeatzen dituela Soraluzen, 17 Jaurlaritzarenak berarenak eta bestek 30 Bizigune programaren bitartez eskuratutakoak. 

Proiektuaren beraren xehetasunei buruz galdetuta, berriz, sailburuak erantzun du euren asmoa dela aurten eraikin zaharra botatzea eta proiektu eraikitzailea esleitzea; 2022an, besteak beste, lursailen azterketa egiteko asmoa dute. Horren arabera, “dena ondo bidean, baliteke 2023an obrekin hasteko aukera izatea”, esan du Iñaki Arriola sailburuak.