“Herri-mailako ekimen bateratua behar da Soraluzen euskarak bizi duen gainbeherari buelta emateko”

Egoitz Unamuno 2021ko mai. 23a, 20:56

Asier Basurto Klusterreko teknikaria udaletxeko batzar aretoan eskaini zuen aurkezpenean.

Neurketek erakusten dutenez, 2001etik euskararen erabilerak behera egiten dihardu Soraluzen, etenik barik. Hain zuzen, jaitsiera hori eragiten duten faktore nagusiak zein diren azaldu eta etorkizunean egoera horri buelta emateko bide posible batzuk azaldu zituen joan zen eguenean Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Aurrera begira, herri-mailako ekimen bateratua eratu eta herriko eragileek norabide berean jardutearen beharra nabarmendu zuen.

2001etik euskararen erabilera behera egiten ari da herrian eta 2016ra bitartean 18 puntu egin du behera (2001eko %49,6tik 2016ko %31,2ra). 2016tik gaur egunera arteko datuak falta badira ere (aurten egingo da neurketa), aurreko urteetako datuek argi erakusten dute plazentziatarren artean euskararen geroz eta gutxiago egiten dela euskaraz. Baina zein dira jaitsiera hori eragiten duten faktoreak eta zer egin daiteke joera horri buelta emateko? Galdera horretxi erantzun dio Soziolinguistika Klusterrak, euskararen biziberritzearen ikerkuntzaz arduratzen den erakundeak, Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politika Sailak eskatutako azterlanean: Soraluze: bilakaera soziolinguistikoa, gaur egungo egoeraren gakoak eta aurrera begirako ikuspegia.

Migrazioen eragina

Asier Basurto Klusterreko teknikariak azaldu zuen zein izan diren erabileran jeitsiera eragin duten herri mailako “elementu gakoak”, horien artean, lehena, demografia: adin-piramidea eta migrazioak. Basurtok nabarmendu zuen Soraluzen azken urteotan jaiotze-tasa jaitsi eta populazioa zahartu egin dela eta azaldu zuen azken urteotan helduen multzoa (20-61) biztanleriaren parterik handiena bihurtu denean, hizkuntzaren balantza gazteleraren aldera desorekatu duela.

Bestalde, Soraluzen migrazioek izan duten eragina ere nabarmendu zuen; izan ere, “Soraluzek biztanleriaren laurdena galdu du azken 20 urteotan, jaiotza-tasa baxua delako eta herritik jendeak alde egin duelako”; gainera, herritarren ia herena (%28a) kanpotik etorritakoa da (estatutik edo atzerritik), eta, orokorrean, herritar multzo hori ez da euskalduna.

Ondorioz, hezkuntza-sisteman aurrerapausoak ezarri (D-eredua) eta euskararen aldeko beste hainbat dinamika bultzatu arren, biztanleriaren gora-beherek eta migrazioek kontrapisu gisa funtzionatu dute; alegia, biztanlegoa zahartzearekin batera, pertsona erdaldun asko etorri dira herrira bizitzera eta horrek guztiak gaztelerari pisu handiagoa eman dio herriko bizimoduan.

Gazteleraz errazago egiten dutenak gehiengoa euskaldunen artean

Demografia faktorearekin batera, aipatu zituen beste faktore batzuk ere: hizkuntza-gaitasuna (gaur egun, euskaraz dakitenen artean gehiago dira gazteleraz euskaraz baino errazago moldatzen direnak), hezkuntza-eredua (D eredua egonkortu arren, garai bateko haur eta guraso euskaldunen harreman-sare trinkoa giro erdaldunago baten lurrundu da), belaunaldi berrien profila (haur gehienen lehen hizkuntza gaztelera da), gurasoak eta transmisioa (guraso euskaldunen etxeetan euskaraz egiten da baina horiek biztanlerian duten proportzioa iraganean baino askoz txikiagoa da), hizkuntzarekiko atxikimendua (euskaldunen artean gehiengoa gazteleraz errazago moldatzen da; ondorioz, euskararekiko atxikimendu afektibo-kulturala txikiagoa da, askok hizkuntzari balio funtzionala soilik ematen baitiote: eskolarako, lan-kurrikulumerako… tresna gisa) eta aisialdia- eta kultura-arloa (gutxiengoa badira ere, badira gaztelera nagusi den jarduera garrantzitsuak, esaterako, futbol-taldea). 

Etorkizuneko bidea: herri mailako ekimen bateratua

Aurkezpenaren azken atalean, Basurtok euskararen ikerguneak aurrera begira panteatzen duen ikuspegiaren gako nagusiak azaldu zituen. Bere esanetan, bada herrian “euskararen aldeko konpromisoa duten pertsona eta taldeen sare bat, aktiboa eta erreferentziala” eta baita “antolatutako elkarte eta talde ugari” ere, eta adituen ustez horien guztien arteko ekimen partekatuak emango luke aukera etorkizunean Soraluzen euskara biziberritzeko dinamika indartsuagoak eta eraginkorragoak bideratzeko: “Diagnostikoa eta erronkak modu partekatuan ezarri behar dira, eta diagnostiko eta erronka horiei erantzungo dien ikuspegi bat, errelato bat, argudiategi bat eta diskurtso bat baliatu behar dira. Horrela, pertsona eta talde horiek, beren ohiko jardueretan adostu edo bateratutako tresna horien arabera funtzionatu beharko lukete. Honela, herri mailako dinamikak indartsuagoak eta eraginkorragoak izatea lortuko litzateke. Eta euskararen biziberritzearen gaia konplizitateak josteko elementua litzateke, gizarte-kohesioa lortzekoa”. 

Bestalde, adierazi zuen “hizkuntza-ohiturak aldatzea posible denaren ideia” hedatu eta ia-euskaldun diren herritarren paperari garrantzia aitortu beharra dagoela; izan ere, bost soraluzetarretatik bat (%21) euskaraz egiteko gai ez baina ulertzeko gai baita. Ildo horretan, Euskaraldia ekimenak gako horri heltzeko “aukera paregabea” eskaintzen duela nabarmendu zuen.

Haur eta gazteen erabileran eragitea “lehentasun bezala” hartzea ere proposatu zuen: “gazteek euskaraz egin ahal izateko baldintza ahalik eta onenak sortzea herri guztiaren egiteko gisa ulertu behar da, eta herriko jarduera zein gune orok helburu horrekiko koherentziaz jokatu behar du”.

Horrez gain, ohartarazi zuen herriko jarduera, ekintza eta ekitaldi komunitarioetan euskara “erdigunean” kokatu beharraz ere: “Soraluzetarren nortasunean euskara osagai garrantzitsu bezala balioan jarri behar da; herriaren mundu erreferentziala osatzen duten gune eta ekitaldietan lehentasunezko tokia izan behar du. Baina, era berean, herrira heltzen den orok sentitu behar du gune eta ekitaldi horien parte hartzera gonbidatuta dagoela eta horiei lotuta euskarara hurbiltzea. Alde horretatik, euskara herri-mailako sareetan parte hartzeko, kohesiorako, osagai garrantzitsu izatea giltzarria izan daiteke”.

Azkenik, etengabeko ikerketa eta hausnarketari eustearen garrantzia aipatu zuen. “Ikerketa eta hausnarketa egin izanak ahalbidetu digu ikuspegi nahiko zabala eta integrala edukitzea gaur egun” eta etorkizunean ere “kontrastatutako datuek argia eman dezakete erabakiak hartzerakoan”.

Erlazionatuak