Txapeldunorde trinketean

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 19a, 18:36
Aitor Atxotegi (ezkerrean) eta Ander Murua (eskuman), Astigarragako Mujikarekin eta Gurutzealderekin. Argazkia: Euskal Herriko Pilota Federazioa

Zapatuan, Gipuzkoako Trinketeko Finala jokatu zuten Aitor Atxotegik eta Ander Muruak. Soraluzetarrek 40-31 galdu zuten partida. Atxotegik adierazi du ez zutela “aukera handirik” izan partida irabazteko, baina sikiera azkenean lortu zutela markagailua “itxuratzea”. Herriarteko paleta txapelketari dagokionez, berriz, asteburu honetan bueltako partidak jokatuko dituzte, Hernanin. 

“Penaz” geratu da Aitor Atxotegi pilotari soraluzetarra trinketeko finala galdu izanagatik. Partida gogorra jokatu zuten zapatuan berak eta Ander Muruak, Iruran. Izan ere, kontrario gogorrak izan zituzten aurrez aurre: Mujika eta Gurutzealde, biak ala biak trinketean eskarmentu luzekoak, batik bat, atzelaria.   

Eginahalak egin arren, azkenean soraluzetarrek ez zuten lortu hasieratik kontran izan zuten markagailuari buelta ematea. 

"Guk gurea egin genuen"

Halaxe laburbildu du partida Aitor Atxotegik: “Hasieratik atera ziguten 10-12 tantoko aldea eta denbora guztian atzetik joan ginen. Halako batean sei tantora gerturatu ginen baina beste bizpahiru tanto jarraian egin zizkiguten, eta… Egia esan, aukera larregirik ere ez genuen izan partida irabazteko. Atzelariak esperientzia handia zuela ikusten zen, 2018an Espainiako Txapeldun izanda eta Mundialetan eskuz banaka trinketean zilarrezko domina irabazitakoa. Oso ona zen. Penaz, baina guk gurea egin genuen, markagailua itxuratu genuen eta bastante ondo”.

Herriarteko paleta

Bestalde, asteburu honetan, Herriarteko paleta txapelketako partidak jokatuko dituzte Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariek, Hernanin. 

Bueltako partidak dira eta soraluzetarrak bentajarekin doaz, izan ere, joan zen domekan, bi partida irabazi egin zituzten eta bat galdu. Lehena, banakakoa Fernandezek 20-19 galdu zuen. Bigarrena Rasconek eta Herizek 20-13 irabazi egin zuten, eta zazpiaren barruan Aitor Atxotegik 20-7 irabazi zuen. Kontrarioak, hirurak Hernaniko pilotariak ziren.

Asteburuk honetako hitzorduari itxaropenez begiratzen dio Aitor Atxotegik: “2-1 irabazita espero dugu errondaz pasatzea eta ea final-laurdenetara ailegatzen garan”.