Herriko emakumeen arteko topaketa

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 17a, 11:05

Topaketa iragartzen duen kartela kaleko taulan.

Datorren maiatzaren 22an, Soraluzen bizi diren emakumeen arteko topaketa antolatu dute, bertan herriko emakumeek elkar ezagutzeko helburuz. 16:00-19:00ak bitarteko jardunaldia izango da, aditu batek dinamizatuko duena. Tolarekua aretoan da hitzordua eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.

“Askotan, besteen errealitatea uste baino gertuago daukagu. Baina hori ezin da jakin elkar ezagutu arte”. Bada, herrian bizi diren emakumeen arteko elkar ezagutza hori bultzatzeko antolatu dute maiatzaren 22ko topaketa. 

Antolatzaileak dira Sororak eta Bidelagunak taldeak (ahalduntze taldea). Diotenez, “gogoa badago elkar ezagutzekoa”. Beraz, parte hartzeko deia herriko emakume guztiei egin nahi diete eta horregatik dago zabalik bertan parte hartzeko aukera. 

Topaketa Tolarekua aretoan izango da eta izena maiatzaren 19a baino lehen eman behar da, telefono zenbaki honetara deitu edo idatzita: 635 19 13 52.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakumeak, bertakoak zein kanpotik herrira bizitzera etorritakoak, dagoeneko hasi dira izena ematen.