Autobus-gidarien segurtasun falta salatu dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 14a, 19:10
Autobus-gidarien aldeko elkarretaratzea, gaur goizean, barikua. Argazkia: ELA.

Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresako hainbat langilek protesta egin dute Donostian, Diputazioaren aurrean, segurtasun falta sentitzen dutela kaleratzeko. Gogora ekarri dute joan den zapatuan, autobus gidari bati mehatxu egin ziotela arma zuri batekin. 

Diotenez, pandemia hasi zenetik, autobus gidarien babesgabetasun egoerak okerrera egin du. 

Soraluzen izandako erasoari dagokionez, berriz, Ertzaintzak jakinarazi du haren ustezko egilea aurrekari ugari dituen 48 urteko gizonezkoa dela eta ustezko mehatxu delitu bat egotzi zaiola. Diligentziak Eibarko Epaitegiaren esku geratu dira.

Azpikontratatuta

ELA sindikatutik salatu dute Gipuzkoako Mugikortasun Diputatuari birritan bilera eskatu arren, Rafaela Romerok erantzun diela enpresako langileekin gertatzen ari dena “ez doala berarekin”.

Horren aurrean, gogora ekarri dute zerbitzua azpikontratatuta dagoela “erabaki politiko” baten ondorioz eta horregatik eskatzen diote egoeraren ardura Diputazioak ere har dezala.