Autobus-gidariendako segurtasun handiagoa eskatzeko elkarretaratzea

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 12a, 18:59

Autobus-gidari batek salaketa aurkeztu du, zapatuan, maiatzaren 8an, Eibar-Gasteiz lineako erabiltzaile batek iraindu eta labana batekin mehatxatu egin zuelako. Gertaera Soraluzeko Estazioko geltokian izan zen. Avanza Movilidad enpresako batzordeak gertakaria salatzeko eta gidariendako segurtasun handiagoa eskatzeko elkarretaratzea deitu du.  

Avanza Movilidad enpresako batzordeak dioenez, zapatuan, 17:45eko autobusera oso haserre zegoen erabiltzaile bat igo zen, autobusa berandu zetorrela esanez. Gidariak lasaitzeko eskatu zion, ordu barruan zebilela, baina erabiltzailea gidariaren eta bidaiarien kontra irainka hasi zen. Orduan, gidariak autobusetik jaisteko eskatu zion eta ikusita erabiltzaileak ez ziola kasurik egiten, Ertzaintzari deitu zion. 

Polizia bertaratu aurretik, geltokira iritsi zen beste autobus batera pasatu zituzten bidaiariak eta orduan, gizonak labana atera eta mehatxatu egin zuen autobus-gidaria.  

Lekukoek labana ikusi zuten

Udaltzaingoan galdetuta, esan dute eurek ez zutela abisurik jaso baina gertakariren baten berri izan eta udaltzaina Estazioko geltokira bertaratu zela. Baina autobusa ya joanda zegoen. Hala ere, ustezko erasotzailea han zegoen, “lasaixeago”. Udaltzainak katxeatu egin zuen eta ez zion labanarik aurkitu, nahiz eta lekukoek (inguruan zeuden gazte batzuek) esan zuten gizonak labana atera zuela.  Udaltzaingoaren arabera, gizonak desorientatua zirudien.

Ertzaintzak galdetuta, berriz, han konfirmatu dute salaketa aurkeztu dutela eta esan dute gertakaria ikertzen ari direla.

Elkarretaratzea, Donostian

Zapatuko gertakaria salatzeko, Avanza Movilidad enpresako batzordeak elkarretaratzea deitu du. Barikuan izango da, Donostiako Gipuzkoa Plazan, Diputazioaren aurrean, 11:00etan. Enpresa batzordeko ELAko ordezkari Eugenia Pablosek salatu du autobus gidariek “segurtasun eta babes falta handia” sumatzen dutela eta pandemiarekin egoera “larriagotu” egin dela. 

“Berba txarrak eta mehatxuak areagotu egin dira. Musukoaren erabilera dela, segurtasun distantziak direla… Oso egoera zaila da. Jendea sentsibleago dago…  Guk ez dugu halako egoerei aurre egiteko protokolorik eta azken batean, gurea zerbitzu publikoa da eta Diputazioa inplikatzea ere nahiko genuke”.