Zapatuan, soraluzetarrek trinketeko finala jokatuko dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 13a, 09:58
Atxotegi-Murua trinketean.

Zapatuan, Iruran, 15:00etan hasiko da pilota jaialdia. Lau final daude, tartean Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finala. Lehian izango dira Aitor Atxotegi eta Ander Murua soraluzetarrak Astigarragako Mugika eta Gurutzealde bikotearen kontra. Partidu “zaila” izango dela dio Atxotegik. Bestalde, domekan, paletako partidak izango dira Araneko frontoian.

Trinketean aurten jokatzen hasi eta finalera iristea ez da gauza makala eta horixe berori erdietsi dute Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotariek. Zapatuan jokatuko dute finala, “partida zaila” Atxotegiren esanetan: “Gurutzealdek esperientzia handia, urte asko daramatza trinketean jokatzen. Eta aurrelaria, berriz, gazte-gaztea da, gazte mailan Gipuzkoako txapeldun izendatu berri eta Frantzian entrenamenduak egin izan ditu Xalarekin-eta”. 

Soraluzetarrek Iruran dute hitzordua. 15:00etan hasiko da pilota jaialdia; lau final izango dira eta trinketekoa azkena izango da. Oraingo honetan ere, ezin izango da ikuslerik bertaratu, baina Atxotegik kontatu duenez, Irurako frontoiko tabernak kristalera dauka. Kristalezko errebotea da tabernaren kristala. Beraz, zelan edo halan, partida ikusteko aukera izango dute hainbatek. 

Udaberrikoa eta Herriartekoa

Zapatuko finala irabazten duena lehen mailara igoko da. Azpi-txapeldunak, berriz, promozioa jokatu beharko du bosgarrenaren kontra.

Bestalde, barikuan, Udaberri txapelketa jokatuko dute eskuz binaka soraluzetarrek, Zestoaren kontra, han. Txapelketa horretan, orain arte bi partida jokatu dituzte soraluzetarrek, Murua-Balerdik (Ikaztegietan) eta Murua-Bolinaga (Ataunen) eta biak irabazi zituzten.

Azkenik, domekan, palako Herriarteko txapelketako partidak jokatuko dituzte Soraluzen. 10:00etan hasita, hiru partida jokatuko dira modalitate desberdinetan: banaka kantxa osoan, binaka kantxa osoan eta banaka zazpiaren barruan. 

Soraluzetarrek Hernaniren kontra jokatuko dute final zortzirenak. Orain arte, Zumarragaren kontra joan-etorrika jokatu ostean, 4-2 irabazi dute soraluzetarrek.