“Partida zaila da, baina gu ere ondo gabiltza”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 12a, 09:01

Sansek Gerard Piquéren Andorra taldea izango du aurrez aurre mailaz igotzeko playoffeko lehen partidan. Zapatuan da norgehiagoka, 20:00etan. Irabaziz gero, Sansek beste partida bakar bat irabazi beharko du Bigarren Mailarako igoera lortzeko.Taldeko defentsa den Iñaki Recio soraluzetarrak dio “oraingoz lasai” dagoela.

Asteburuan, Bigarren Mailarako igoera fasearen playoffa jokatuko dute 16 ekipok. Tartean dago Sanse, Realaren bigarren ekipoa. Zapatuan, 20:00etan, Almendralejon du hitzordua (Footters plataforman ikus daiteke). 

Andorra F.C. taldearen kontra jokatzea tokatu zaio Xabi Alonsoren taldeari. Tartean Iñaki Recio futbolari soraluzetarra ere izango da. Hark kontatu du Andorrakoek talde ona daukatela, “aurrekontu nahiko handia dute eta jokalari onak dituzte”. Ondorioz, argi du zapatukoa ez dela erraza izango, baina aukerak ere ikusten ditu: “Partida zaila da, baina gu ere ondo gabiltza”.

"Ametsetako bat"

Reciok gaur eta bihar ditu azken entrenamenduak. Biharkoaren ondoren abiatuko da talde gipuzkoarra Extremadura aldera. Soraluzetarrak kontatu du “oraingoz lasai” dagoela: “Gero, igual, eguna hurbiltzen denean urduriago ipiniko naiz, baina oraingoz lasai”.

Zapatuko norgehiagoka irabaziz gero, hurrengo faserako sailkatuko da Sanse eta fase horretan partida irabazten duten lau ekipoak mailaz igoko dira. Beraz, Sansek partida benetan garrantzitsuak ditu aurrez aurre. Reciorendako berarendako ere bai, izan ere, soraluzetarraren “ametsetako bat” da Bigarren Mailara igotzea: “Bigarren Maila ya futbol profesionala da, txikitatik denok amesten dugu futbol profesionalean jokatzea, beraz, amets bat izango litzateke”.