Polizien arteko lankidetza protokoloa eta Sora Futbol Taldearekin hitzarmena, mahai gainean

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 3a, 10:16

Joan den egueneko osoko bilkuran, bi gai mahai gainean laga zituen udalbatzarrak, EH Bilduk horrela eskatuta. Bata izan zen Ertzaintzaren eta Soraluzeko Udaltzaingoaren arteko lankidetza protokoloa eta bestea Sora Futbol Taldearekin hitzarmena sinatzea.

Ertzaintzaren eta Soraluzeko Udaltzaingoaren arteko lankidetza protokoloari dagokionez, Unai Larreategi bilkideak adierazi zuen ez dutela “aukerarik” izan bi polizien arteko lankidetza hitzarmenak ze aldaketa dakartzan aztertzeko. 

Jendeak jakin nahi

“Kalean jendeak galdetu egiten du, batik bat orain, zeintzuk diren Ertzaintzaren eta zeintzuk diren Udaltzaingoaren ardurak, eta, zinegotzi moduan, neuk ere badut hori jakiteko ardura. Bestalde, polizia bakoitzaren funtzioak zelan eta zergatik banatzen diren ere barneratu nahiko nuke”.

Hori horrela, Larreategik bilera eskatu zuen Udaltzaingoarekin “eurek azaltzeko bakoitzaren funtzioak eta ardurak”. EHBilduko ordezkariak azpimarratu zuen jakin beharrekoak jakinda, bi polizien arteko hitzarmena “hurrengo plenoan onartzeko moduan egotea espero” dutela.

Futbol zelaia dela-eta

Bestalde, Sora Futbol Taldearen eta Udalaren arteko hitzarmenari dagokionez, horrek arautzen du Sorak herriko futbol zelaiko instalazioak erabiltzea. Bada, Unai Larreategik esan zuen hitzarmenean “hutsune batzuk” ikusten dituela, baina “erraz” konpon daitezkeela. Beraz, hurrengo osoko bilkuran puntua onartu ahal izateko, hutsuneok “argitzeko mekanismoak ipin” daitezen eskatu zuen.

Udalbatzarrak onartu egin zuen EH Bilduren eskaera eta bi puntuak bozkatu barik laga zituzten, mahai gainean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.