Mikel Caramanzana txapeldun!

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 1a, 09:01

Atzo, barikua, Soraluze Pilota Elkarteko Mikel Caramanzana pilotariak irabazi zuen Gipuzkoako Lau T’erdiko Pilota Txapelketa, kadete 3. mailan. 22-12 egin zuen, Antiguako Markel Urangaren kontra. Amaieran, aitortu zuen urduri ibili zela eta akats batzuk egin zituela, baina sakeak ematen zion konfiantza aprobetxatuta, bentajari eusten jakin zion, amore eman barik. (BIDEOAN partida osoa ikusgai eta atxikita sari banaketako ARGAZKI SORTA)

Atzoko finala tanto bizkorrekin hasi zen, Soraluzeko taldeko jokalariaren alde. Debako gazteak bentaja atera zion Antiguokoari, zazpi puntura ailegatu arte. Baina hortxe geratu eta tantoka-tantoka, zazpina berdintzea lortu zuen Itzurun elkarteko Markel Urangak. 

Hala ere, bere buruarekiko konfiantzari eutsi, Aitor Atxotegi entrenatzailearen esanei kasu egin eta apurka-apurka berriro ere aurretik ipintzea lortu zuen Mikel Caramanzanak. Eta halaxe eutsi zion amaierara arte. 

Debarrak ondo jokatu zuen luze, motz, bi paretetan eta dejadetan. Nahiz eta zenbait unetan bi pilotarien urduritasuna nabarikoa izan, are nabariago frontoian zegoen isiltasunarengatik, hobeto eusten jakin zuen soraluzetarrak eta horri esker irabazi zuen partida.

40 minutu inguru iraun zuen ikuskizunak.

Erlazionatuak