Ostalariak zabor tasa ordaintzetik salbuetsita

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 29a, 18:13

Atzo, osoko bilkuran Ordenantza Fiskalak aldatzea onartu zen, ostalarientzako hobariak bideratzeko helburuarekin. Bi aldaketa proposatu zituzten. Zaborren tasa ez kobratzea eta terrazen tasa ez kobratzea. Lehena onartu egin zen baina bigarrena ez, EH Bilduk kontra bozkatu zuelako eta PSE-EE abstenitu egin zelako. Hala ere, bi alderdiek erabateko borondatea erakutsi zuten ostalariei laguntzeko.

COVID pandemiak eragindakoei aurre egiten laguntzeko, atzo, udalbatzarrak ostalarien zergetan hobariak aplikatzeko proposamena eztabaidatu zuen. 

Batetik, aurten, zabor tasarik ez kobratzea proposatu zuten eta alderdi politikoek aho batez onartu zuten puntua. Puntu hori dirutan begiratuta, guztira 13.511 euro dira. 

Terrazena ez da "ekitatiboa"

Bestetik, proposatu zuten terrazen okupazio-tasa ez kobratzea. Baina puntu hori ez zen onartu, EH Bilduk kontra bozkatu zuelako eta PSE-EE abstenitu egin zelako. 

Boto azalpenean, Unai Larreategi bilkideak zein Patricia Borinaga sozialistak azaldu zuten proposamena ez zutela bidezko ikusten, ez delako “ekitatiboa”. 

Labur esanda, esan zuten tabernen terrazak desberdinak direla, batzuk txikiak eta beste batzuk handiak. Eta terrazak erabili ahal izateko ordutegiak ere desberdinak direla, batzuk terrazak goizean goizetik ipin ditzaketelako eta beste batzuk bakarrik eguerditik aurrera. Horregatik uste dute tabernari batzuek askoz ere etekin handiagoa atera ahal diotela terrazari beste batzuen aldean. 

Hori horrela, terrazen zergan hobaria aplikatzearen gaineko puntuan, EAJk alde bozkatu zuen (4 boto) EH Bilduk kontra (5 boto) eta PSE-EE abstenitu egin zen (2 boto). Horrenbestez, puntua ez zen onartu. 

Beste formula batzuk

Terrazen hobaria aplikatzearekin ados egon ez arren, puntua onartu ez zuten bi alderdietako ordezkariek erabateko prestutasuna erakutsi zuten ostalariei laguntzeko eta euren ustez, ekitatiboagoak diren beste formula ekitatiboago mahai-gaineratu zituzten. 

Adibidez, Borinaga sozialistak bonuen aukera proposatu zuen eta Larreategi bilkideak, berriz, terrazen zergetatik batuko den dirua ostalariei laguntza modura ematea proposatu zuen. Gainera, azken horrek, Larreategik gogora ekarri zuen iaz ere mahai gainean izan zutela terrazen zergaren proposamena eta tabernariek eurek baztertu zutela. 

Iker Aldazabal alkateak, berriz, esan zuen batzarrak egingo dituztela herriko ostalariak beste moduren batera zelan konpentsatu erabakitzeko. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.