Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuen gaur egun Inazibar okupatuta duen familiak badakiela zein den egoera eta haiek lursaila eurena dela esaten duen alegazioa aurkeztu dutela Udalean, sinadura bilketa egiteaz bat.
“Hura dagoen moduan lagatzea edo herritarrendako aisialdi gune moduan berreskuratzea da kontua. Bi aukeren artean, duda barik, bigarrena nahiago”, esan zuen alkateak.
Animaliekiko kezka
Aldazabalek gaineratu zuen Soraluzeren eta Osintxuren erdibidean dagoen ibai ondoko lursailean mahai eta jarleku batzuk jarri nahi dituztela eta sarrera arrapala bitartez egokitu.
Roke Akizu bilkideak, berriz, erantzun zion eurak ez daudela hori egitearen kontra baina Ur Agentziak izango duela parke horretan egin daitekeenari eta egin ezin daitekeenari buruzko azken berba. Gaineratu zuen, bere ustez, subsidiarioki Udala egin beharko dela han dauden gauzak erretiratzearen kargu.
Zentzu horretan, Patricia Borinaga zinegotziak kezka helarazi zuen, lursail hartan animaliak ere badirelako. “Udalak erretiratu behar baditu, modu aproposean eta leku aproposera erretiratu beharko ditu”.