Euskadiko txapeldunorde

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 22a, 12:07
Denis Soriano eskuman, podiuma osatu zuten beste bi arrantzaleekin. Erdian Jose Luis Urkola eta ezkerrean David Markos.

Denis Soriano bigarren geratu da Euskadiko arrantza txapelketan. Joan den asteburuan jokatu zuten txapelketa, Leitzaran errekan. Sorianok 18 lehiakideren artean eskuratu zuen bigarren postua. Maiatzaren erdialdean, berriz, Espainiako txapelketa jokatuko du, Asturiasen. 

Zapatuan eta domekan jokatu zuten Euskadiko Izokin Txapelketan, lance modalitatean, Leitzaranen. 18 lehiakide izan ziren. Tartean, Denis Soriano soraluzetarra. Eta podiumera igotzea lortu zuen, 9 amuarrain arrantzatuta eta zapatuko eta domekako mangetan eskuratutako puntuei esker. 

Sorianorekin batera, podiumera igo zen Jose Luis Urkola tolosarra (txapeldun) eta hirugarren izan zen David Markos. Esan daiteke guztia “etxean” geratu zela, hirurak baitira klub bereko kideak: Tolosako Arrantzaleak Elkartekoak. 

"Dena airean"

Soriano pozik dago asteburuan lortutakoarekin. “Erreka zaila zegoen. Ez zuten ondo pikatzen. Zapatuan hotz handia egin zuen eta arrainak ez zeuden bestetan egon izan diren lekuetan. Entrenatzen, adibidez, amuarrain gehiago harrapatu nituen. Gainera, bestela ere, oso zaila da. Azken urteetan ondo nabil, iaz 4. egin nuen. Beti hor goian egotea oso zaila da. Asteburuan, berriz, azkenengo mangara arte dena airean egon zen , azkenengo mangan erabaki zen dena. Hori politagoa da”, dio Soraluzen bizi den aramaioarrak. 

Espainiakora

Euskadikoa eginda, dagoeneko aurrera begira dabil arrantzalea, izan ere, iaz lortutako puntuei esker, maiatzaren 13tik 16ra Espainiako txapelketa jokatuko du Sorianok, Euskadiko selekzioarekin, Asturiasen. 

Hori bai, zaila ikusten du lehiaketa. “Behar da zorte puntutxo bat, tramu onak tokatzea eta zorte apur bat. Esperantza da ea ekipoka dominaren bat lortzen dugun. Iaz 5. egin genuen, orain bi urte 4.en, ea bada, aurten”.