Euskal Fondoari ekarpena

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 21a, 16:55
Gaztenpatia proiektuko partaide batzuk. Argazkia: EHU.

Soraluzeko Udalak, Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio Sailaren bitartez, 1.311,03 euroko ekarpena egin dio Euskal Fondoari, nazioarteko lankidetzarako. Kasu honetan, gazteei zuzendutako Gaztenpatia Kulturarteko Proiektura bideratuko da laguntza.

Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio Saileko arduradun Patricia Borinagak esplikatu duenez, ekarpen hori Gaztenpatia proiektura egitea berak zuzentzen duen batzordean adostu zen. 

“Proiektu horrek euskal gazteen eta bestelako herrialde batzuetako gazteen arteko enpatia eta elkartasuna sustatzen ditu, lankidetza- eta elkartasun-jarduerak garatzen diren herrialdeetako gazteekin. Unibertsitateko ikasleei zuzendutako proiektua da. EHUk 2003tik egiten duen Garapenerako Lankidetzako Gradu Amaierako Praktiken eta Lanen Proiektuaren parte da ekimena, munduan dauden desberdintasun egoerez jabetzen diren profesionalak hezteko duen eginkizunari erantzunez egiten duena”, gaineratu du ordezkari sozialistak.

Elkarlanean

Euskal Fondoa Lankidetza Deszentralizaturako koordinazio eta laguntza tresna izateko eratu zen, 1996an.  Hegoaldeko instituzio, erakunde sozial eta komunitateekiko harreman solidarioen alde diharduten esperientzia lokalak biltzen dituen lankidetzarako tresna modura.

Laburbilduz, elkarte horrek herritarrak sentsibilizatu nahi ditu munduan dauden desberdintasun egoerekiko eta ordena mundiala elkarlanean irauli beharra dagoela transmitu nahi du egoera bidezkoagoa eta solidarioagoa ezartzeko.